Edorta Jimenez Idazlea
Maite zaitut, Mikel
Nik neuk euskaraz ematen duena baliatu behar dut, niretzat zein ona izan zaren esateko. Santi ere ona zen. Etxean gure txikitako euskeran zegoen hitzik ederrena horixe zen. On, ona
Mikel, gutun hau eskuz idatzi gura izan nukeen, badakizu, eta zeure helbidera helarazi. Non zauden ez dakit baina. Beraz, Interneten bidez-edo hau irakurtzea izango duzula pentsaturik, maite zaitudala ordenagailuan idatzita esan nahi dizut. Maite zaitut, Mikel. Elkar azkenengoz ikusi genuenean ez nizun ahoz esan. Begien bidez esan nizun. Madrileko Casa de Campo delakoan izan zen. Gogoan duzu, ezta?
Maite zaitudala esateko idazten dizut, ba, eta ziur nago hau irakurrita zure artean ibiliko duzula galdera: zerk eman ote dio gure Edortillari? Gogoan duzu, Mikel, izena horrelaxe esaten zenidala? Asteburu honetan, iragandakoan, faltan izan zaitut. Eta nire moduan soziedadean bazkaltzen izan garen gehienek. Santiri egin dizkiogun omenaldi ekitaldien ostean izan da bazkaria. Itsasoa eder, han urrunean ortziaren ertza arrosa eta azul kolorez, ederto jan dugu. Tera, jakin ezazu, gurpil aulkian dabil. Besteok ostera oin bien gainean oraingoz. Eta zu zeu, zelan?
Omenaldi ekitaldiotan bihotz bakar batean sartuta ibili gara, Santiren taupadak gure odolaren mintzo. Gizonezkook elkar besarkatzen, Lekeition bezala, egundo ere ez gure artean lehenago. Negar ere egin dugu eta, gure malkoak urre bilakatu izan balira, diruz ere zein aberats gu orain. Bestela, aberatsago itzuli naiz Lekeitiotik. Eta horrexek, negarrak, ekarri zaitu hain bortitz nire gogora, Mikel. Zure sentiberatasun horrexek, elkar besarkatzeko, elkar ukitzeko, elkarri gorputzaren beroa emateko beti erakutsi izaten zenidan gaitasunak. Berezko zenuen, eta berezko izaten segi dezazun gura genuke guk guztiok. Plural hau erabiltzen, «guk guztiok», han egon ginenon izenean mintzatzen naizela ematen du. Ez dut uste oker nabilenik. Nagoen isilik baina. Ez dut ezelango txostenik egin nahi, izenekin eta. Beste bat da kontua. Zera, gizonok elkar besarkatzen, maitasuna adierazteko garaia delako, hain segur. Hori ere ia-ia debekatu egin digutelako, beharbada. Maitasuna adieraztea, diot. Gutun hau epaitegira joan ez dadin ba, Mikel, horixe. Maite zaitugula.
Ni, badakizu, beti liburua artean, batzuetan zure zera ikusten dut, eta begien bidez esaten diot «zer moduz Mikel?», eta begien bidez erantzuten dit «eskerrik asko, Edorta, gogoratzeagatik». Gogoratuko ez naiz ba! Begira, neu naiz zure izenari «on» hori eransten ez dion bakarra, edo bakarrenetakoa behintzat. Beharbada zuk eransten zenidan «illa» eskertuz deitu izan zaitut, gehienetan behintzat, Mikel. Huts-hutsik Mikel. Zein izen arrunta, ezta?, Mikel. Horrexegatik behar dute, ziur, «on» hori zu maite zaituzten besteek. Handia zara, eta gaztelerak ematen duen aukera baliatu behar zen. «On» handigarria, ba. Baina nik neuk euskaraz ematen duena baliatu behar dut, niretzat zein ona izan zaren esateko. Santi ere ona zen. Etxean gure txikitako euskerean zegoen hitzik ederrena horixe zen. On, ona. Asteburuan gogora zuen bion ontasuna etorri zait. Eta maitasun aitorpen hau egitea otu zait. Barkatu ahalko didazu, zu nire gogora hain sarritan etortzea eta, hala eta ere, aitorpenik egin ez izana. Oraingoaren errua norena den, badakizu. Santirena. Ba, aitorpenaren ostean agurra. Osasuna eta askatasuna, Mikel maitea.