Maider Iantzi Kazetaria
Kafean bustitako izarrak
Lagunartean kafea hartzean, azukre pakete txikietatik amets gozoak erortzen dira katilura, eta koilarari bueltaka denak dastatzen eta nahasten jostatzen gara. Azken batean, antzekoak garela eta izar berera ailegatu nahi dugula ematen du zenbaitetan; bertzetan, distantzia handia egoten da gure izarren artean.
Ohikoa izan daiteke mendi irteeretan hegazti izateko nahia sentitzea, ezinezko amildegietan duten trebeziagatik, gizakiok begi hutsez mirets ditzakegun margolanetan bizi direlako. Badira koadroak marrazten ausartzen diren gutxi batzuk ere, gizakion mugak gaindituz, arranoentzat egunerokoa eta arrunta dena bizipen errepikaezin eta magiko bihurtzen dutenak. «Eman izar bat» liburuan, Miriam Garcia Pascual Tafallako eskalatzailearen bidaietako gogoetak daude irakurgai. Bertan goi mendizaleei egiten dizkiegun galderei erantzuna ematen zaie: zergatik aritzen zara eskalatzen? Zergatik bizi zara horrela? Merezi al du?
Abenturazale gazte honek txori izan eta gero eta gorago hegan egitea desio zuen. Horretan zebilela, apo batekin egin zuen topo behin arrakala batean, eta bere buruari galdetu zion: «Zer egiten du zapo batek lurretik 500 metrora? Eta neska batek honelako toki batean?». Irribarrez eta inbidiaz agurtu zuen animaliatxoa, El Capitan Yosemiteko granitozko horma erraldoian bizi zitekeelako, eta bera ez. «Dagoeneko ez naiz ez gizaki, ez txori, hegaldiaren eta samurtasunaren, airearen eta bakartasunaren artean erabaki behar duena baizik».
Ez dut begiratzeak duen xarma gutxietsi nahi, batzuetan zulo ikaragarri edo urrutiko tontor zorrotz bat bertatik nolakoa izan daitekeen irudikatzeak gehiago balio baitezake; hala ere, bertaratzen diren horiek bakarrik jakingo dute benetan nolakoa den hainbatetan amesten dugun izar distiratsua.