Hizkuntzak eta komunikazioa haurren ikuspegitik erakusten dituen lana, Chimèresen eskutik
Biarritzeko Chimères antzerki taldeak «Baba zango horiak» antzezlana estreinatuko du abenduan. Bestelako eremuak ere jorratuko dituen beste bi obra aurkeztuko ditu konpainiak denboraldian.
Idoia ERASO | BIARRITZ
Ezberdintasunetik abiatuta bestearengana hurbiltzeko, komunikazioaren eremu zabalaren berri eman nahi duen lana estreinatuko du Chimères antzerki taldeak. «Baba zango horiak» publiko zabalarengana heltzeko nahiarekin egina da. Antzezpenetik abiatuta haurrekin lantzeko komunikazioari buruzko eremu zabalagoa prestatu dute taldekideek.
Abenduaren 2an estreinatuko da lana frantsesez eta euskarazko bertsioa martxoaren 11n ikusi ahal izango da. Azken bertsio honetarako POK konpainiaren lankidetza izango dute, eta aktore protagonistak ere bertsio batetik bestera aldatu egingo dira.
Catherine Zambonek idatzitako lanak «Sisi pieds jaunes» du izena eta Txomin Heguyk egin du euskarazko itzulpena. Hizkuntzaren misteriotik abiatuta neskato gor-mutu baten eta hizkuntza berri bat asmatu duen mutiko baten arteko harremana kontatzen du era sinesgarri eta aldi berean goxoan.
Liburutegietako misterioa
«Liburutegietan gauean bakarrik geldituko bagina, mamuak nola aterako liratekeen imajinatuta asmatu dugu lan hau», azaldu zuen Jean-Marie Broucaret konpainiako zuzendariak. Angeluko mediatekan estreinatuko da martxoan. Berrogeita hamar ikusle inguruk gida berezi baten bisita segituko dute.
Chimères sortzen ari den azken lana ikerketa sakon baten ondorio izango da. Espiritu sinplea izanik gizartearen kodeak ulertzen ez dituzten pertsonen inguruko azterketa egiten ari da konpainia. Lehen ondorio gisa Hendaiako Antzerkiaren Maiatza jaialdian lan bat aurkeztuko dute, nahiz eta hori egitasmo orokorrago baten lehen pausoa besterik ez den.
Aurtengo Negualdiko antzerki emanaldiak abenduaren 11n hasiko dira Samuel Becketen «La dernière bande»-rekin. Taldearen egoitzan izango dira datorren martxoaren 23ra arte.