GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Arduragabekeriari handiustea gehitzen zaionean

Isilik dagonak hutsegite bat, hitz egiten duanak asko» dio atsotitzak. «Alakrana»ren auzian Lakuako Gobernuak izan duen jarrera laburbiltzeko esaldi aproposa, edonondik begiratuta ere. Inork ez du zalantzan jartzen lehendakariak, beste langile guztiek bezalaxe, gaixotasunagatik baja hartzeko eskubide osoa duela. Baina baja hori duen ardurari muzin egiteko aitzakia ezin dela bihurtu ere uste du gizartearen gehiengoak.

Bere burua defendatzeko gainontzeko guztiei errua botatzea beste ideiarik ez zuen izan Patxi Lopezek atzokoan. Lopezen ustez, piratekin ezin da hitz egin arrazionaltasunetik kanpo daudelako, Mendebaldeko logikatik kanpo daudelako, nolabait esateko. Piratek arrazionaltasun ekonomikoa menperatzen dutela argi geratu da, ordea. Era berean, herritarrek ezin omen dute ulertu agintearen ardurak dakarren zama, zama hori ez eusteari herritarrek «arduragabekeria» deitzen dioten arren. Oposizioak ez bide du onura politikorik bilatu behar honelako kasuetan, baina Gobernua azkar asko atera zen, askatzea lortu zenean, bere kudeaketa gorestera...

Ziatika omen zen Lopezi azken astean bere lanean jardutea eragozten ziona. Atzo, azalpenak ematera atera zenean, lehendakari izateko ez-gai bihurtzen duena bizkarreko min bat baino zer edo zer gehiago dela erakutsi zuen. Arduragabekeria eta handiuste puntu bat, gutxienik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo