Merkatu librea, estatuen interesak kontrakoak direnean, ez da horren librea
Merkatu librea munduan nagusi den eredu ekonomikoaren ikurra da, parametro ekonomikoetatik harago, ongizatearekin, askatasunarekin eta beste balio batzuekin lotu ohi dena. Europar Batasunean ere eredu ekonomiko horrek gidatzen ditu Batasuneko kideen arteko harremanak eta, beraz, merkatu librea ia-ia sakratua da teorian, baina praktikan, estatuen interesak -haietako enpresen interesak- kontrakoak direnean, merkatu librea ez da horren librea. Interes-kontrakotasun horrek eragin zituen Iberdrola eta EDP (Naturgas-en jabea) konpainiek Europako Kontseiluari eta Estatu espainolari egindako presioak Aljeriatik datorren gasa garraiatzeko Estatu espainolaren eta frantsesaren artean bi interkonexio izan daitezen, Euskal Herrian biak, Irungoa eta Larraukoa, hain zuzen. Ministerio espainola ere bietan inbertitzearen alde agertu bazen ere, interkonexio-ahalmena eskatzeko fasea Larrauko azpiegitura baino ez garatzea erabakita amaitu zen. Izan ere, Hegotik doan gasa garraiatzea ez baita industria frantsesaren interesa. Atzo, Barakaldon izan zen Europar Biltzarrean Iberdrolak eta EDPk erabaki horretan atzera egiteko eskatu zuten. Enpresen arteko elkartasuna ote?