GARA > Idatzia > Mundua

Larrialdi-egoera ezarri du Gloria Arroyok Mindanaon, gorpu gehiago topatu ondoren

p024_f01_097x068.jpg

GARA | SANIAG

Larrialdi-egoera ezarri zuen Gobernuak atzo Filipinetako hegoaldean, liskar politikoen ondorioz izandako sarraskiaren -46 hildako, tartean kazetariak eta hautetsiak- hurrengo egunean.

Astelehenean 22 gorpu aurkitu ostean, Poliziak atzo beste 24 topatu zituen Saniag herrixkatik gertu, Maguindanao probintzian, Mindanao uhartean.

Poliziak eta Armadak emandako informazioaren arabera, gizon armatu batzuek bahitu zituzten biktimak, eta senideek salatu zutenez, Andal Ampatuan-ek, probintziako gobernadore eta klan bateko buruak, eman zuen horretarako agindua.

Hildakoen artean hamabi kazetari daude, liskartutako klanekin ustez harremanik ez bazuten ere, komunikabideek azal- dutakoaren arabera.

Hauteskundeak, atzean

Armadak berak eta hildakoen senitartekoek argitu dutenez, gobernadoreak sarraski hori eragiteko arrazoia izan da Esmael Mangundadatu-ri, klan arerio bateko buruari, eragoztea datorren urteko hauteskundeetan hautagai aurkeztea.

«Susmagarriak Ampatuanen bizkartzainak, polizia funtzionario lokalak dira», adierazi zuen Armadako eledun Romeo Brawner koronelak.

Gorpuak hobi komun ugaritatik atera zituztela, eta balaz josita zeudela, azaldu zuen Saniagen Jesus Verzosa poliziaburu nazionalak.

«Bata bestearen gainean pilatuta zeuden, presaz lurperatu balituzte bezala», esan zuen eskualdeko poliziaburu Josefino Catalunak.

Eskualdera soldadu gehiago bidali, eta larrialdi-egoera ezarri zuen Gloria Arroyo presidenteak Mindanao irlako zati batean. «Halakorik gehiago gerta ez dadin neurriak hartu behar dira», esan zuen Arroyok telebistaz zabalduriko mezu batean, errudunak harrapatzeko egin beharrekoak egingo dituztela aginduz.

Maguindanao probintzian ez ezik inguruko eremuetan ere indarrean dago larrialdi-egoera, orotara, 1,54 milioi pertsonengan eragina duelarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo