Etxeak balio duena baino gehiago eskatzen diete lurzoruagatik Abanton
Bere garaian herri lurretan eraikitako etxeen jabeek Udalari erosi egin nahi diote orain dagokien lurzorua, Abanto eta Zierbenan. Arautegi berrietan oinarrituz, zoruak ia etxeak baino gehiago balio duela ohartu dira, ordea. Bizilagunek protesta idatzia aurkeztu dute Udalean.
GARA
Abanto eta Zierbenako hainbat auzotako 60ren bat bizilagunek eskaera-idatzi bat aurkeztu zuten atzo goizean herriko udaletxean, euren etxebizitzen egoera erregulatzeko helburuarekin.
Duela ia mende bat, herri lurretan etxebizitza ugari egin zituzten, batez ere meatzeetan lan egiten zuten langileengan pentsatuta. Gaur egun, etxebizitza horiek badituzte euren jabeak, baina lurzorua udalaren jabetzakoa da. Horregatik, eta egoera hori konpontze aldera, bizilagun ugarik euren etxea eraikita dagoen lurra erosi nahi du.
Asmo hori azaldu dutenean, lurzoruaren prezioak «izugarri garestiak» direla ikusi dute, ordea. Bizilagunetako batek GARAri azaldu dionez, duela 5 edo 6 urte inguru, lur horietan metro karratuak 6 euro balio zuen. Gaur egun, ordea, 95 euro inguru eskatzen diete, eta Putxeta auzoan esaterako, metro karratuko 260 euro eskatzeraino iritsi dira. «Etxeak berak balio duena baino gehiago eskatzen digute lurragatik», azaldu du bizilagun horrek.
Duela bost urte inguru, Udalak eraikuntzaren gaineko araubide berria egin zuen, eta bertan, lurrei salneurria jartzeko lekuan lekuko baldintza edo ezaugarriak kontuan hartzea erabaki zuten. Orain, lurrak erosi nahi zituzten bizilagunek ordainduta, lur horiei salneurria jartzeko enpresa bat kontratatu zuten udalekoek. «Badakigu hori legezkoa dela, baina, ez da justua», salatu du bizilagunak. Auzokideek badakite Udala ez dagoela lur horiek saltzera behartua, baina bizilagunek euren egoera erregulatzeko «horrenbeste» ordaindu behar izatea ez dute bidezkoa denik uste.
Konpontzeko, bilkura
Bestalde, bizilagunek lur horiengatik errenta bat ordaintzen dute urtero. Udalean aurkeztu duten idatzian azaldutakoaren arabera, errenta horrek «ez du inolako zerikusirik» orain lurrak erosteko eskatzen dutenarekin. «Errentaren zenbatekoa ezaugarriren batzuetan oinarrituta jarriko zuten; orain, salneurria jartzeko ere irizpide berberak har ditzatela kontuan», hori eskatzen dute auzokideek.
Gainera, horrenbeste urtetan lur horien gaineko errenta bat ordaindu izanak ere erosteko garaian zeresana izan beharko lukeela uste dute bizilagunek. Behin eskaera-idatzia Udalari emanda, herriko alkateak egoera konpontzeko eurekin batzartzeko asmoa duela iragarri zien bizilagunei.
Bizilagunek lur horien gaineko errenta ordaindu dute urte askoan, baina Udalak, orain, lurren salneurria jartzeko, ez du hori kontuan hartu.