GARA > Idatzia > Kultura

Antzara-jokoa ardatz, literatura eta plastika nahastu ditu Javier Minak Koldo Mitxelenako erakusketan

Javier Minak bizitzan pilatu dituen bilduma zatiak aurkeztu ditu erakustaretoan, antzara-jokoaz baliatuz ikuspuntu ezberdinetatik eraikitako autobiografia plazaratzeko. Urtarrilaren 16ra arte izango da ikusgai.

p042_f01_148x096.jpg

GARA | DONOSTIA

Erakusketa bitxi batekin egin dio bisita Javier Minak Koldo Mitxelena Kulturuneko ganbarari. «Bizitzaren antzara-jokoa»ri buruz, ikuspuntu ezberdinetatik kontatutako autobiografia dela diote arduradunek. Plano ezberdinak erabil daitezkeela ziurtatuta, Mina literaturaz zein plastikaz baliatu dela esan dute. Edukiari dagokionez, artistak bildutako apunteek, koadernoek, bertan behera utzitako eskuizkribuek, pinturek, komikiek eta abar luze batek osatzen du erakusketa. Hortaz, «erakustaretoa biltegi bilakatzen da, egilearen memoriaren biltegi kasu honetan», esan dute. Katalogoan laguntzaile izan den Fernando Golvanoren esanetan, «Minaren oroitzapenetan eta bere bizitzako bidegurutzeetan ezagutu dituen gorabeheren zati handi bat eszenaratzen du» eta Koldo Mitxelenan ikusgai dagoen lan honekin«erakusketa-eredu bat» estreinatu dela gaineratu du.

Erakusketaren osagarri gisa, «Bizitzaren antzara-jokoa» izenburupean katalogoa argitaratu dute. Bertan Mina eta Golvanoren testuez gain, marrazki eta argazkiak daude. Lan hau Koldo Mitxelenan izango da urtarrilaren 16ra arte (asteartetik larunbatera). Bestalde, taldeentzako bisita gidatuak ere izango dira astelehenetik ostiralera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo