GARA > Idatzia > Ekonomia

AEBetako BPG %2,8 hazi zen hirugarren hiruhilekoan, uste baino gutxiago

AEBetako hazkunde ekonomikoa hasieran kalkulatutakoa baino txikiagoa izan da 2009ko hirugarren hiruhilekoan. Hazkunde erreala %2,8koa izan da, uste baino zazpi hamarreko gutxiago. Datu horien arabera, kontsumitzaileen gastua uste baino txikiagoa izan da.

GARA

Uztaila eta iraila bitartean AEBetako Barne Produktu Gordinak izandako hazkundea uste baino zazpi hamarreko gutxiagokoa izan da, Merkataritza Sailak atzo datu ofizialak ematean adierazi zuenez: %2,8ko hazkundea izan da. Kontsumitzaileen gastuak kalkulatutakoa baino gutxiago egin du gora, eta kanpoko merkataritzako defizita uste baino handiagoa izan da. Hala ere, hirugarren hiruhilekoan BPGk izandako igoera urte osoan izandako lehen datu positiboa da. Kontuan hartu behar da baina, iazko hirugarren hiruhilekoaren aldean, BPGk %2,5 egin duela behera. AEBetako Gobernuak behin betiko kalkulua abenduaren 22an kaleratuko du.

Datu ofizial hauen arabera, enpresen irabaziak %10,6 handitu dira aurreko hiruhilekoaren aldean, batez ere langileak kaleratzearen ondorioz. 2004. urtetik izandako hazkunderik handiena izan da.

Bestalde, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) bankuek beren aseguru sistema propioa antolatu behar dutela esan zuen atzo, etorkizunean egon daitezkeen arriskuei aurre egiteko. NDFren arabera, beste krisi bat sortuz gero, hiritarrek ez dute onartuko berriro finantza sistema diru publikoaz salbatzea.

Bankuen babes propioa

Dominique Strauss Kahn NDFko zuzendariak esan zuenez, beste krisi bat gertatzekotan erreakzioa «oso bortitza» izango litzateke. Beraren ustez, bankuek prima bat ordaindu beharko lukete, hartutako arriskuen arabera, eta beste finantza krisi bat sortuz gero, erreskateaz ez lirateke kutxa publikoak arduratu beharko, sektorea bera baizik. Joaquin Almunia Gai Ekonomikoetako komisarioa bat etorri zen iritzi horrekin, eta laguntza publiko masiboak desagertzen direnerako prestatzeko eskatu zien bankuei: «Estatuen esku-hartzea ez da betiko».

Fed, baikor

Fed AEBetako banku zentrala baikor agertu zen, datorren urteko hazkundea %2,5 eta %3,5 artekoa izango dela espero baitute. Gainera, langabeziak urtarriletik aurrera behera egingo duela uste dute, oso poliki egingo badu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo