«Debuta egin eta bost hilabetera finalerako borrokan egotea gauza polita da»
Asegarceko pilotaria
Zaratamoko aurrelariak ekainaren 13an egin zuen debuta, eta profesionaletan urte erdi baino gutxiago daraman arren, bere lehen txapelketa handian finalean sartzeko borrokan sartuta dago bete-betean. Larunbatean Jokin Argoteri irabazteko gai baldin bada, 20 urteko bizkaitarra Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finalean izango da. Amets bat betetzea litzateke berarentzat.
Asier AIESTARAN
Horren gaztea izan arren, bere adierazpenek pilotari beterano batenak dirudite. Lasai hitz egiten du eta ez du patxada inoiz galtzen. Hala ere, berak behin baino gehiagotan onartu izan duenez, urduritasuna barruan darama. Alexis Apraiz eta Ibai Perez kaleratu zituen kanporaketetan, eta finalerdietako ligaxkan partida bat irabazi eta bestea galdu egin du. Ibilbide horretan beste urrats bat eman nahi du.
Ostiralean 22-13 irabazi zenion Merinori. Zer ondorio atera duzu partida hartatik?
Ba egia esan, barikuko partidatik ez nituen oso ondorio onak atera. Partida kaxkarra egin nuen, nahiz eta irabazi; ez nuen nire maila eman. Baina gutxienez garaipena lortu nuen, eta horregatik, oso pozik. Gaur Iruñean material aukeraketa egin dugu, eta pixka bat entrenatzeko aprobetxatu dut. Egindako saioarekin gustura geratu naiz eta frontoiarekin ere bai. Sanferminetan hiru aldiz jokatu nuen bertan, banekien frontoi ona dela, oso noblea, eta ea larunbateko partida zer moduz irteten den. Jokin Argote oso momentu onean dago, bi partidak irabazi ditu eta zaila izango da.
Ligaxka galtzen hasi arren, azken jardunaldian besteen emaitzen zain egon behar ez izatea zuretzat oso albiste ona da.
Gauza ona da hori. Nik irabazten badut, finalean nago. Ez dut beste inoren zain egon beharrik. Aratz Mendizabalek 22-12 galdu zuen Argoteren kontra eta hori niretzako oso emaitza ona izan zen. Orain Jokin bost tanto eginda finalean egongo da, eta besteen zain egon behar duena Aratz da. Ea barikuan zer gertatzen den, baina nik 22-21 irabazita ere finalean sartzeko aukera daukat.
Atzelaria izan arren, Argote oso ongi moldatzen da lau eta erdian. Aurkari zaila duzu.
Hala da. Berak bost tanto egitea nahikoa du, baina pilotari guztiok partida guztiak irabaztera irteten gara, ahal dugun ondoen jokatzera, eta argi daukat Jokin ere ez dela bost tanto egitera irtengo, irabaztera baizik. Partida oso zaila daukat, baina ea urduritasunak etxean uzten ditudan eta larunbatean ongi jokatzeko gai naizen.
Non egon daiteke partidaren gakoa? Aurkaria atzelaria izateak baldintzatzen al du jokatzeko modua?
Ez dut uste. Betikoa egin beharko da. Nahiz eta atzelaria izan Argote beti moldatu izan da ongi lau eta erdian eta banakako partidetan orokorrean ere bai. Orain dela bi urte Diazen aurka finala jokatu zuen, eta lau eta erdian oso ongi moldatzen den pilotaria da, ezker-eskuin pilota ongi mugitzen duena. Agian airez ez da beste batzuk bezainbeste sartzen, baina oso akats gutxi egiten ditu eta egia esan bere aurkako neurketak oso gogorrak izaten dira.
Partida Labriten izango da, telebistaz emana... Ez da jokatzeko leku txarra.
Oso polita. Esan bezala, sanferminetan jokatuta nago bertan eta niri asko gustatzen zaidan frontoia da. Alde horretatik aitzakiarik ez da izango, frontoi noblea delako. Ematen zaionean pilota irten egiten da, bote arrarorik ez du egiten pilotak... Partida hau jokatzeko oso frontoi polita izango da.
Ekainean egin zenuen debuta eta zure aurreneko txapelketan finalerako borrokan sartuta zaude. Zer balantze egiten duzu lehen urrats hauetaz?
Egia esateko, urduritasunaren erruz aurreneko partidetan ez nuen nire benetako maila eman. Baina gero eta konfiantza gehiagorekin ari naiz jokatzen, gero eta gauza gehiago egitera ari naiz ausartzen, afizionatu mailan egiten nuen moduan. Oraindik ere gauza asko daukat ikasteko, baina gero eta gusturago irteten naiz kantxara eta nire nahia entrenatzen jarraitzea eta hobetzen segitzea da. Oraintxe bertan final batean sartzeagatik borrokatzen ari naiz, eta gauza polita da, orain dela bost hilabete egin nuelako debuta. Niretzako oso gauza pozgarria da.