Analisia
Errealitatea burugogorra da
Sufrimendua ekartzen dute sarekadek, noski, baina horiekin Euskal Herriko errealitatearen inguruan duten ezjakintasuna erakusten dute. Ez soilik ezker abertzalea ulertzeko, baizik eta independentziaren alde, belaunaldiz belaunaldi, gazte andanak berez egiten duelako bat, inork «agindu» gabe. Hori da, hain zuzen, moztu nahi dutena.
Gari MUJIKA
Polizia sarekada «eredugarria» izatearen helburuaz gain, Madrilek horrekin zabaldu nahi duen mezua gazteengandik harago doa, testuinguru politikoak adierazten duen bezala. Azken urteotan Marlaskak bidea ireki du orain, Segiko kidea izatearen aitzakiapean, gazte mugimendua kolpatzeko. Gainera, Gorenak ezarri bezala, gazteok «kale borrokarekin» lotu ordez, zuzenean ETArekin lotu dituzte. Noski, frogarik gabe.
Hiru hamarkada bete dira aurten Jarrai gazte erakundea sortu zenetik. Orduz geroztik, euskal gazteek euren eskubideen alde borrokatzeko erreferente, bitarteko eta gunea izan dute, beti ere proiektu politiko zehatz baten jiran -independentzia eta sozialismoa- bestelako Euskal Herri bat posible dela egiaztatuz. Sortu orduko iritsi ziren orduan ere kriminalizazio zantzuak. Hogeita hamar urteotan errepikatu diren ekinaldiak. Baita Jarrai eta Gazteria batu, eta Haika jaio zenean ere. Edota ondotik, Segiren itzala ireki zenean.
Estatuak, bertako hainbat alderdi politiko zein erakunderen laguntzarekin, eta, oro har, kasik komunikabide guztien erabateko sostenguarekin, Euskal Herriko errealitate politikoa errepresioaren bidez irauli nahian aritu dira hamarkadotan. Eta gazteria independentista, jakina, jomuga nagusienetakoa izan da. Logikak adierazten duen bezala, gazteria geroaren ispilu delako.
Baina atzo euskal udalerri ugaritara iritsi zen sarekadak bestelako helburuak ditu egungo testuinguru politikoan. Eta mezua ez da soilik gazteentzat.
Ukaezina da independentziaren alde lerrokatzen direnen aurkako etenik gabeko errepresioak higadura nabarmena dakarrela berarekin. Eta Auzitegi Goren espainolak gazte erakundeak «terrorista» izendatu zituenetik horren areagotzea besterik ez du ekarri gurera. Orduz geroztik, justu azken negoziazio prozesua haustearekin bat, Rubalcaba ministro espainolaren aginduz, auzitegi espainolek ehundik gora gazte atxilotu eta espetxeratu dituzte eta, autoinkulpazioa beste frogarik ez, eta zuzenean 6 urteko espetxealdia inposatu diete guztiei.
Ebazpen horri eutsiz, espainolak derrigortuak izan dira Segiren aurka eginez gero «kale borroka» ekintzekin lotzera. Hori baita auzitegiek berretsi zuten Garzonen teoria. Baina atzoko sarekada, alta, harago joan da.
Ekaitz Sirvent ustezko ETAko militantea izan da oraingoan aitzakia. Arnaldo Otegi eta gainerako militanteak espetxeratzeko erabili zuten berbera. Izan ere, «kale borroka»ko zein ekintza egotzi behar zieten bada? Akaso, aurreko sarekadetan atxiloturiko gazteek beren gain hartzea lortu ez zituztenak. Baina horiek, iritsiko badira, datozen egun edo asteetan ezagutuko dira, gazte horiek guztiak, noski, bost egunez inkomunikaturik izan ostean.
Rubalcabak eman zuen agindua eta Fernando Grande-Marlaska epaile espainola izan da bete duena. Bera izan da azken urteotan gazteria independentistaren aurka ekin duen epailea. Eta atzokoan, gainera, orain arte ez bezala, bi indar polizialekin; hor ere, kasualitaterik ez da antzematen, baina bai ikerketa polizial desberdinak.
Atzokoari, errepresio kolpe «eredugarria» izateko nahia antzematen zaio. Baina ez soilik kuantitatiboki begiratuta. Agerikoa da ustezko Segiko kideak atxilotzeaz gain, bestelako lagunengana joan direla orain.
Marlaskak, azken urteotako auto judizialetan bidea ireki du. Segiren aurka jotzearen argudioaz, pixkanaka ikasle mugimendua, gaztetxeak, gazte asanbladak, gune autogestionatuak, prekarietatearen aurkako plataformak.... kriminalizatzeko pausoak eman ditu. Finean, gazte mugimendua kolpatzeko asmoz. Eta atzokoaren ondotik, hiriburuetako auzo elkarteak ere, ziur, jomugan izango dituela auzitegi berezi espainolak.
Komunikabideen ezinbesteko laguntza, kazetaritza lana baino Barne Ministerio espainolarentzat lan eginez, hein batean lotsa eragitekoa da. Atzo ere, atxilotu ez zituzten lagunen izenak plazaratu zituzten lehen ordutik «iturri antiterroristei» men eginez. Inolako zentzurik ez duten baieztapenak ere bota zituzten; adibidez, Segi antolakundea Iruñerriko gazteetxeen bidez finantzatzen dela.
Baina azterketa politikoan ahantz ezin daitezkeen elementu hauez harago, muinean helburu nagusi baten bila dabil Madril: gazteria konprometituaren gainean beldurra zabaldu eta etsipena aukera bakar aurkeztea.
Sufrimendua ekartzen dute sarekadek, noski, baina horiekin Euskal Herriko errealitatearen inguruan duten ezjakintasuna erakusten dute. Ez soilik ezker abertzalea ulertzeko -Segi Batasuneko gazteek osatzen dutela dioten bezala-, baizik eta independentziaren alde, belaunaldiz belaunaldi, gazte andanak berez egiten duelako bat, inork «agindu» gabe. Hori da justu moztu nahi dutena.
Baina ea nork lortzen duen, gazteria independentistak egin bezala, gurean 20.000 gazte elkartzea. Errealitateak, nahi ala ez, burugogor izaten segitzen du.