GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Diskogintza mespretxatua denez zuzenekoak dira rock talde baten motorra»

p054_f01_286x160.jpg

Mikel Larratxe

Sexty Sexers taldeko abeslariak

Azken urteotan Euskal Herrian agertu diren talde esanguratsuenen artean dago Sexty Sexers Berako (Nafarroa) taldea. Argitaratu duten disko bakoitzean taldearen potentzialtasuna agerian geratu den bezala, taula gainean eskainitako emanaldi bakoitzean adierazitakoa baieztatu besterik ez dute egiten. Abenduaren hasieran abiatuko dute “Hero Mantra” lan berria aurkezteko kontzertu bira.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Irailerako iragarrita bazegoen ere, asteazkenean ikusi zuen argia Sexty Sexers taldearen iraupen luzeko hirugarren diskoak. Etengabeko garapenean azken urte hauetan, musikalki rock & rollaren eremuetan sakontzen jarraitzen dute, eta hortaz disko berriaren emaitza anitzagoa da, helduagoa. Nafarroako Azkarate estudioetan Karlos Osinaga soinu teknikariaren gidaritzapean grabaturiko zortzi kantu berriak kalean dira jada «Hero Mantra» izeneko diskoan, eta honekin taldeak beste urrats sendo bat ematen du aurrera musika ibilbidean. Honakoan, Ameriketako Estatu Batuetako Volcom Entertainment diskoetxea arduratu da nafarren diskoa plazaratzeaz, eta hala, Europa eta AEBetan banatuko dute diskoa. Ohiko CD formatua ez ezik, «Hero Mantra» lanak binilozko edizioa ere izango du, benetako rock & roll talde batek merezi duen moduan.

Gaztelupeko Hotsak zigilua utzi eta Volcom Entertainment diskoetxearekin kaleratu duzue lan berria. Taldearen eremua zabaltzeko balioko du ezinbestean.

Mahai gainean aukera jarri ziguten eta guk, baldintzak eta abantailak primerakoak izanik, baiezko borobila eman genien. Diskoa mundu osoan zabalduko da, baina egia esateko, oso arrotz egiten zaigu ideia hori: ikusi arte sinesteko zail egiten den gauza bat balitz bezala. Oso hartu-eman lagunkoia dugu Volcomekoekin eta sorkuntza prozesu guztiaz arduratu ahal izan dugu, produktorearen aukeraketatik kontrazalean barra kodearen toki zehatza aukeratzeraino. Orain elkarlan honek emango dituen fruituak zeintzuk izango diren ikustea geratzen da.

Nazioarteko banaketa izateko ez ezik, kanpora jotzera ateratzeko bideak ere errazago irekiko dira. Afera hau garrantzitsua izan da erabakitzeko unean.

Dudarik gabe hori izan da guretzako aitzakiarik erakargarriena. Diskogintza erabat mespretxatuta dagoen garai hauetan zuzenekoak dira rock taldeen motorra, orain inoiz baino gehiago. Volcomek gure zuzenekoarekin apustua egin du eta Europan barna jotzeko aukera eman digu, Amsterdam, München, Lisboa, Bartzelona, Madril...

Disko barruan murgilduz, inoiz baino basamortu kirats handiagoa duen lana da «Hero Mantra». Lehendik ere hor zegoen musika era hori lekua hartzen joan da.

Agian kirats hori tempoen moteltzeak ekarri du. Maketa garaian punk-rock doinuak ziren nagusi baina jada nabari ziren beste zenbait ukitu, motelagoak, dentsoagoak... Lehen maketa horretan folk doinuak ere baziren. Denbora pasa ahala, diskoz disko beste joera hau nagusituz joan da. Bistan da, erreferentzia gehiago eta zabalagoak ere baditugula orain, eta disko berrian lekua dute. SextySexers lagun talde bezala sortu zen, sorkuntza lanarekin gure barruak hustu eta ongi pasatzeko asmo soilarekin, inongo aurreiritzi musikalik gabe. Hau horrela, momentuan garena islatzen dugu gure diskoetan, eta «Hero Mantra» gure eboluzio pertsonalaren beste pauso bat da.

Base erritmikoak berriz, taldekide aldaketa tarteko, beti bezain indartsu izaten jarraitzen du. Taldearen nortasun puntu bat bateria-baxu jokoan dago.

Taldeko bostok jarrera markatua dugu eta ez dugu gustuko taldekideren batek bestea itzalpean uztea. Gure kanten muinak Joseba Baleztena gitarristak ekartzen ditu, eta gitarrei oso zuzenduak dirudite hasiera batean. Horregatik agian, Xiker eta Fortun harrotu egiten dira eta beraien presentzia aldarrikatzen dute musika tresnekin. Honek, nire irudirako, hauspo berezia ematen dio rock kanta bati, instrumentu bakoitzak jarrera egokia eta presentzia edukitzea alegia. «Hero Mantra» prestatzen ari ginela Inaxio Agara bateria jotzaileak taldea utzi zuen. Une latza izan zen, izan ere, hasiera-hasieratik ginen elkarrekin eta arrotz egiten zitzaigun beste norbait taldean sartzea. Zorionez Fortun izugarri ondo moldatu da eta etxekoa bezala egin da segituan.

Gitarrak dira beste puntu indartsua zuenean, inoiz baino zorrotzago, zuzenago...

Kantuen abiapuntua gitarrak dira eta dudarik gabe zuzenekoetan txalo gehien eramaten dutenak beraiek dira. Disko honek eman didan pozik handienetako bat hori izan da, Julenek eta batez ere Josebak egindako lana. Inoiz baino atmosfera intentsuagoak daude, keinu desberdin eta aberatsekin, baina era berean oso zorrotzak dira, ziztatzaileak. Askotan geu ere ez gara konturatzen grabaketak bukatu arte zer dugun esku artean, izan ere entseguetan ez gara gai kide bakoitzak eman nahi dion ñabardura erabat ulertzeko.

Kantatzeko eran ere, emaitza anitzagoa da aurreko lanekin alderatuta. Baliabide gehiago erabili dituzu kantatzeko orduan.

Suposatzen dut ikasten goazela eta arrisku berriak hartzeko prest gaudela. Egia da «HeroMantra» lanean gehiago zaindu dugula kantua bere osotasunean. Aurreprodukzio lanetan ibili ginen luze, izan ere lehenik Inaxiorekin jorratu genituen, eta gero Fortun sartu zenean egokitze lana egin behar izan genuen. Gero Joseba Irazoki sartu zen ekoizle lanetan eta Berako Aduanako lokaletan, buelta berri bat eman genien kantuei. Orain arte eskaini ez diegun lana eta sosegua eskaini diegu abestiei, horregatik-edo dira aberatsagoak eta zabalagoak.

Kantuen hitzetan ingelesak beti izan du nolabaiteko presentzia, eta nahiz eta euskarak jarraitu protagonista nagusia izaten, lan honetan areagotu delakoan nago.

Kantei ahots melodiak egiteko garaian beti baliatu izan naiz fonetika ingelesaz. Oraingo honetan prozesu horretan zenbait hitz edo perpaus berez etorri ziren, eta oso gustuko nituenez bere horretan uztea erabaki nuen. Bi hizkuntzen arteko feedbacka bilatu dut, bai fonetikoki, bai esanahi aldetik jokoa ateraz. Oso inspiratzaileak izan dira Ama Say edo Mars Volta bezalako taldeak alor honetan.

Disko honetarako produktore batekin egin duzue lan estudioan bertan. Kanpoko perspektibak diskoaren emaitza aberastu duelakoan nago.

Joseba Irazoki izan dugu ekoizle lanetan eta Karlos Osinaga izan da soinu teknikaria. Joseba grabatzera joan baino lehenago hasi zen lokalera etortzen, eta ekarpenak edo moldaketak proposatzen. Kanpoko ikuspegia ematen dizu, taldekide izanik gauza askotaz ez baitzara ohartzen edota ikuspegi distortsionatua duzu. Primerako lankidetza izan dugu eta kantak biribiltze aldera lan egin du. Detaile txikiak dira: bukaera bat, garapen bat, horrela ez, bestera hobeto... baina azkenean diferentzia hori igartzen da. Batez ere diskoa bere osotasunean hartzen duzunean.

GITARRAK

«Inoiz baino atmosfera intentsuagoak daude gitarra jokoetan, keinu desberdin eta aberatsekin, baina era berean oso zorrotzak dira, oso ziztatzaileak»

nortasuna

«Gure helburua berezko nortasuna duen musika egitea da, ezaguterraza den ala ez bigarren mailakoa da. Alde horretatik, 'Hero Mantra' lanarekin ate berriak ireki ditugulakoan nago»

Fitxa

Taldea: Sexty Sexers.

Diskoa: «Hero Mantra».

Diskoetxea: Volcom Entertainment.

Kantu kopurua: Zortzi.

Sarean: www.sextysexers.com.

Zuzenean:

ABENDUAK 9: Biarritz. ABENDUAK 18: Alegia.

GARAPENA

«Kaleratu dugun disko bakoitzarekin gauzak egiteko moduetan ikasiz goazela uste dut, eta hein horretan, arrisku berriak hartzeko prest dagoela taldea»

Rock pozoia zainetan eramaten duenak...

Rock&rollaren pozoia larrupean sartzen denean, ez dago antidoto posiblerik. Sexty Sexers taldeko kideak aski ongi dakite hori. Nafarren musika unibertsoa hasierakoa baino anitzagoa da egun, betiere Rock&Roll hizkien azpian, eta jatorriak ahantzi gabe, eremu berrietara egin dute bidaia stoner eraginak azaleratuz hard rockak tartea irabazi duen bidean. Volcom diskoetxeak Sexty Sexers taldean begiak jarri dituenean, ezin da soilik zorte edo kasualitate kontuez hitz egin. Mundu mailan lehiatzeko moduan daudela erakutsi dute argiro beratarrek emanaldi bakoitzean, eta "Hero Mantra" abiapuntu horren lehen urratsa besterik izango ez den susmoa dut. K. OTAMENDI

PRODUKTOREA

«Produktore batek kanpoko ikuspegia ematen dizu. Taldekide izanik gauza askotaz ez zara ohartzen edota duzun ikuspegia distortsionatuta egon daiteke»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo