Donostiarren izar berria, kolokan
Griezmannek igandean jokatzea zalantzazkoa da
Giharretako gainkarga batekin arazoak ditu eta ez zuen entrenamendua amaitu.
GARA | DONOSTIA
Nahiz eta lehen taldearekin jokatzen hilabete gutxi batzuk eraman -oraindik ez diote lehen taldeko fitxarik egin- eta 18 urte besterik ez dituen arren, badirudi Antoine Griezmann gaztea ezinbesteko jokalaria bilakatu dela Realean. Erdilari frantziarrak arazoak izan ditu azken entrenamenduetan giharretako gainkarga batekin, eta atzo ateak itxita egindako saioa ezin izan zuen amaitu. Realzale asko urduritu zituen albisteak.
Datozen bi egunetan Griezmann ez bada erabat osatzen, Martin Lasartek bere hamaikakoan aldaketak egin beharko ditu Vallecasen. David Zurutuza punta erdi lanetan jokatzeko moduan baldin bada, Nsue edo Aranburu bera kokatu litezke ezker hegalean; Zurutuza bera ere ez badago hasieratik jokatzeko moduan, Nsue eta Aranburu biak sar litezke hamaikakoan.
Atzelariak, harro
Azken bi urteetan Realak harro egoteko duen arrazoi bat aipatzekotan, atzeko lerroak erakutsi duen irmotasuna aipatu behar. Aurten ere oso gol gutxi jasotzen ari da taldea, eta atzo Mikel Gonzalez eta Diego Rivas izan ziren Rayoren aurkako partida aztertu zutenak. Arrasatearrak onartu zuenez, atzean sendo egoteak «bizitza» ematen dio taldeari, eta hori oso garrantzitsua izango da «kalitatezko aurrelariak» dituen aurkari baten aurrean. Rivasek, aldiz, Cartagena eta Rayo indartsuei segidan irabaztea «mahai gainean kolpe handia jotzea» litzatekeela nabarmendu zuen.
Zelaietatik kanpo, Realak agenda betea du egunotan. Taldeak denda berri bat inauguratuko du gaur 12.30ean Anoetan. Gainera, aurtengo posterra ere eskuragarri egongo da, doakoa izango da bazkideentzat eta euro baten truke beste guztientzat.