GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek indarberritzeko aukera du liderraren zelaian

Ligako bigarren itzuliari hasiera emango dio 21.00etatik aurrera jokatuko den norgehiagokak. Lehenengoan, Castresek 12-24 irabazi zuen Agileran.

p045_f01_63764.jpg

Jon LEUNDA

Biarritz Olympiquek sailkapeneko lehen postuan dagoen Castresen zelaian jokatuko du gaur 21.00etatik aurrera. Ligako finalerdietan izateko beste aurkari zuzen bat izango du gaur aurrez aurre talde lapurtarrak.

Gaurko norgehiagokarekin, gainera, bigarren itzulia hasiko da, eta lapurtarrek beste hamahiru jardunaldi dituzte sailkapeneko lehen lau postuetan sartzeko. Une honetan, sailkapenean seigarren daude 32 punturekin, eta Castres, berriz lehenengo doa, 41 punturekin. Biarriztarrek, ordea, partida bat gutxiago jokatu dute.

Castres lider doa, eta hori ez da kasualitatea, maila bikaina eman baitu Ligako lehen zati honetan. Denboraldiko lehen partida zen bi talde hauek elkarren aurka Agileran indarrak neurtu zituztenean, eta orduan, frantziarrek 12-24 irabazi zuten. Castresek itxura ona eman zuen, baina egia da, era berean, zuri-gorriek ez zutela izan beren egunik onena.

Aldaketa batzuk

Ordutik aldaketa batzuk izan dira lapurtarren artean. Joko aldetik ez dute ikaragarrizko gauzarik egiten, baina emaitzak lortzen dituzte, eta horrek puntuak batzeko balio duenez, dauden lekuan daude.

Gaurko partidarako ere helburu bera eramango dute. Presioa goian egin, aurrelariei lana eginarazi, eta gero hegaletako abiadura, batez ere Ngwenyarena, aprobetxatu.

Jokalariei dagokionez, zuri-gorriek izango dituzte bajak, izan ere selekzioek partidak dituzte asteburuan, eta jokalari bat baino gehiago joana da bere herrialdeko taldearekin jokatzera.

Bestetik, Federazioak eman du ezagutzera orain dela bi astetik Biarritzek eta Racing Metro Paris taldeek atzeratuta duten neurketa noiz jokatuko den. Abenduaren lehen egunean izango da, baina Biarritzekoei ez zaie gustatu. Izan ere, asteburu honetan selekzio ezberdinek partidak dituztenez, Biarritzek horiekin jokatzea zaila izango luke asteartean, eta horregatik, asteazkenera pasatzea eskatu du. Orain Federazioaren erantzunaren zain daude.

Izan ere, selekzioek jokatzen dutenean, Espainiako Liga geratu egiten baldin bada ere, Frantziakoak berdin jarraitzen du aurrera, nahiz eta talde batzuk oso kaltetuta atera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo