GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Zarama kantuak birziklatu eta errepidean jarraitzeko asmoz dator «Zuzen!» lan berriarekin

Kontzertu bakar bat emateko asmoarekin elkartu eta zuzeneko disko eta DVD bat argitaratzeraino. Hamabost urteko etenaldiaren ostean, Zarama taldeak euren betiko kantuak «birziklatuta» aurkeztu ditu.

Ane ARRUTI | BILBO

Lan berria defendatzeko asmoz agertu ziren atzo Zarama taldeko kideak. «Zuzen!» (Elkar) diskoan, elkartu ostean eskainitako hamabost inguru zuzenekoetan jotako kantuak bildu dituzte. Hamabost kantu, horietatik hiru bertsio eraberrituan, eta baita Eskorbutoren «Eskizofrenia» ere.

«Gure helburua ez da nostalgiari omenaldi bat egitea. Rock and roll disko bat da», azaldu zuen atzo Roberto Moso taldeko abeslariak. 1980ko hamarkadan Nerbioi ibarraren ezkerraldean sortutako talde honek aurrera begira lanean jarraitzeko asmoa azaldu zuen. «Atzera begiratuz gero, uste dut ongi egin genuela momentu hartan taldea uzten. Oraindik sentsazio onak utz genitzakeen», esan zuen Mosok.

Entsegu lokalera bueltatuta, kantu eta ideia berriak ez sortzea ezinezkoa dela-eta, oraindik zehaztu gabeko proiektu batzuk badituztela aurreratu zuten. «Kantu berriak, denbora gutxi iraun zuten garai hartako zenbait talderen bertsioak, guztia batera...».

Diskoaz gain, pasa den abuztuaren 18an Bilboko Aste Nagusian emandako kontzertua ere, hamaika kantu biltzen dituen DVD batean aurkeztu dute. «Leku handitan bai baina toki txiki edo familiarragoetan ere jo nahi dugu», esan zuten. Oraingoz, datorren abenduaren 26an Durangoko Plateruenan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo