GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Gazte Topaketak Zestoan

Errepresioaren hordagoari eraikiz erantzun dio gazteriak

Gazte mugimenduak berezkoa duen lanerako grinarekin erantzun dio Estatu espainolak 34 gazteren atxiloketarekin botatako hordagoari. Fernando Grande Marlaska epaileak euskal gazteak beren bidetik desbideratu nahi dituen arren, laurehun bat gaztek hiru egun eman dituzte euren geroaren gaineko eztabaida sakonean Zestoako Gazte Topaketetan.

p014_f01.jpg

Oihana LLORENTE

Ostiralean hasi eta igandera arte gazte mugimenduko adierazpen orotako kide andana batu dira bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko konpromisoa berresteko. Argi dute zein den nahi eta desio duten geroa. Ildo horretatik, eztabaiden ardatza hartu beharreko norabidea izan zuten.

Gazteriak egungo sistema kapitalistan murgildurik bizi duen errealitatea ikuspegi anitzetatik aztertu ondoren, sistemari benetako pitzadurak eragiteko estrategiaren inguruan aritu ziren eztabaidan. Egungo gizartean emakumeak bizi duen zapalkuntza edota ama lurraren esplotazio basatiaz mintzatu ziren, bai eta gazteriak lan merkatuan bizi duen esplotazioaz ere.

Zapalkuntzak hamaika aurpegi dituen arren, Zestoan bildutako gazteek ez zioten etsipenari tarterik egin, eta gazte mugimendua Euskal Herrian hedatuta eta sustraituta dagoen errealitatea dela argi izanik, aurrera egitea premiazkoa dela nabarmendu zuten. Alta, mugimenduak dituen ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko beta hartu zuten Zestoan eta gazteriarekiko komunikazioan edota teknologia berrietan sakontzeko beharra dutela ondorioztatu zuten.

5ean hitzordua Durangon

Finean, eremu desberdinetako borrokek duten garrantzia alboratu gabe, erasoen aurrean batera ekitea funtsezkoa dela ere mahaigaineratu zuten.

Astelehen gauean euren etxeetatik atxilo eramandako gazte gehienak presondegietan egon arren, euren ekarpena eta presentzia ere izan zen Zestoan. Haientzat gorderik zeuden 34 aulki; independentzia aldarrikatzen zuten 34 kamiseta gorriz jantzirik.

Atzo eguerdian egindako amaiera ekitaldian ere gogoan izan zituzten gatibu hartutako gazte independentistak, eta Gazte Topaketak burutu izana «inoiz egin den erantzun koherente eta orekatuena» dela eman zuten aditzera. Alta, euren haserrearen erakustaldia ez da horretan geldituko, izan ere, manifestazioa antolatu dute datorren abenduaren 5erako.

Durangon izango da gazte mugimenduak era bateratuan antolatzen duen manifestazioa; eta hitzordua arrakastatsua izan dadin etxeko lanak banatu dituzte Zestoako parte hartzaileen artean. Makina bat atxikimendu eskuratzea jarri dute erronka eta, horretarako, www.mundurat.net/gazteokbatera web ataria martxan jartzeaz gainera, eremuz eremu eragileen babesa jasotzen ahaleginduko dira gazte mugimenduko taldeok egunotan.

Lan taldeetako eztabaidak, ondorioen azalpena batzar orokorrean, Bilboko manifestaziorako txangoa... Baina horrelako hitzorduetan ohikoa den moduan barre eta algararako tartea ere aurkitu zuten gazteek.

Ostiral gauean antzerki emanaldia izan zuten eta larunbatean poesia emanaldia gau partean. Hortik aurrera, haizeak Zestoan muntatutako karpa eraman ez zezan parranda luzea egin behar izan zuten gazteek. Pote baten eta hurrengoaren artean elkar ezagutzeko jolasei tarte eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo