GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Elkartuz, bidea eginen dugu!

 

Autonomiaren aldeko eskakizuna gero eta zentzu handiagoa hartzen ari da, hautetsiek, arduradun politikoek egiten dituzten adierazpenetan hemen gertatzen ari diren aldaketetan. Estatutik heldu diren erreformak aztertuz, erantzun egokiena, erantzun juridikoa, ahalmenak ekartzen dituena autonomia da. Hori gorpuzteko lanak martxan dira, beren burua abertzaletzat dutenek goiz edo berant aldarrikapen hau hobestera helduko dira, EAJ ere bai, hain xuxen, EAJk praktikatu baitu autonomia bat, abertzaletasunaren alde kokatu ez badu ere. Indar desberdinak elkartzeko unea da, instituzioa eskatzen dutenek ere ulertu dute autonomia erantzuna dela. Noski, ezker abertzalea da proposamena mahai gainera ekarri duena, talde armatu baten ondotik, baina jende asko elkartu da proposamena eraikitzen, ez du inork horren jabe izan nahi, proposamena ekarri dutenek hemen dagoen problema politikoarentzat erantzuna proposatzen dute. Partaide izan nahi dute, beste indar guztiekin batera estatuari hemen dagoen herriak bere geroaz erabakitzeko tresna proposatuz. Monopolioa ez da aldarrikatzen, partaidetza da aitzinatzen.

Hauteskundeak hurbiltzen ari dira eta lehia hasia da. Abertzaleak elkarrekin joateko nahikeria erakusten ari dira eta hau oso berri ona da, herritarrek hori baitute eskatzen eta gure lanaren fruituak biltzeko aukera baita, gure desberdintasun guztien gainetik. Ez da dudarik, eskuina eta ezkerra elkarrekin joaten direlarik, ezkerreko jendea Sarkozyren Gobernuan sartzen delarik, ez genuke horrenbeste lan izan behar ezkerreko abertzaleen artean elkartzeko gunea aurkitzeko, helburu berak ditugularik, hain eremu txikian bizi garelarik, hain indar handiak direlarik guri gerra egiten ari.

Iker Elizalderen atxiloketa ez baita kasualitatez egindako ekintza. Hendaiako zerrenda abertzaleko hautetsi bakarra baita. Aski zuten polizia-etxera deitzea, telefonoz deitzea galdera batzuk baldin bazituzten. Nahiago izan dute etxetik eraman, polizia-etxean gau oso batez atxiki jende guztiak jakin dezan atxilotua zela, lehenago talde armatuarekin lotua izan zela. Horrela pertsona kriminalizatzen da, hautetsi abertzalea talde armatuarekin lotzen da. Biharamunean ez da telebistan erran libratua izan dela, atxiloketa funtsik gabekoa izan dela, botere gehiegikeria izan dela. Poliziak, ez eta epaileak ere, ez diete barkamenik eskatzen Iker hautetsi dutenei. Ez, bigarren mailako herritarrak balira, edozein irain jasatea merezi balute bezala!

Herri honek hautetsiak merezi ditu, hautatzen dituenak, eta eskuetan ardurak dituztenak. Frantziako erreformak hautetsi kopurua txikitu nahi du, ardurak kendu nahi dizkie eta, abertzaleak baldin badira, zikindu egin nahi ditu (Enbata zikinak bizirik dirau arerioen gogoan). Horrek erantzun bateratua merezi du, gutxienik ezkerreko abertzale guztien erantzun bateratua. Bidea jorratu behar dugu euskarari, herri antolaketari, euskal kulturari ateak irekiko dizkiona. Orain arte ematen dizkiguten erantzunak azalekoak dira, gure geroa lurperatzera eramaten gaituzte, hiltzen laguntzen gaituzte. Horrekin bukatu behar dugu eta erantzun eraginkorrak aldarrikatu behar ditugu. Euskararen aldeko legearekin hasiz, euskarazko komunikabideei eremua zabalduz eta iragarki publikoak emanez, herri guztietan ikastola bat irekiz, murgiltze sistema hobetuz... Proiektuak baditugu, elkartuz bidea eginen dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo