GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Patxik oso zintzo eta serio jokatzen du bere proiektuarekin»

Mikel USOBIAGA

Patxi Usobiagaren Aita

Bere semea ez bezala, Mikel Usobiaga ez da eskaladako izar bat. Alabaina, uste dugu gainean izar bat duela; izan ere, Patxiren ibilbideak izan duen arrakastaren zati garrantzitsu bat du. Aita izateaz gain, laguna du. Semearen alboan beti, edozertarako prest. Hastapenetatik gaur egunera arte. Eskaini dion laguntza eta babesagatik, argi dago Patxik sokakide bereziena aita duela.

Andoni ARABAOLAZA |

Aita aipatu dugu, baina amarekin, Blankirekin, ezin gara ahaztu. Patxi semearen beste alderdi bat jaso nahi izan dugu, gurasoek bizi izan dutenaren alderditik. Ohikoa ez da, baina uste dugu Patxi Usobiagaren ibilbidea ulertzeko beste bitarteko lagungarri bat dela. Hori dela eta, GARAk hitz bi egin ditu Patxiren aitarekin, hots, Mikel Usobiagarekin.

Ez da batere ohikoa izaten, baina zure kasuan beti semearen alboan izan zara: hastapenetatik gaur egunera arte.

Hala da. 10 urterekin eskaladaren sarean erori zen. Telebista saio batean Mirian Garcia eskalatzen ikusi eta erabat harrapatuta geratu zen. Garai haietan Patxik kirol asko egiten zuen: atletismoa, pilota, futbola...

Gu askotan joaten ginen mendira, baina eskaladaz ez nekien ezer. Patxik berak segurtasun kontuak, korapiloak nola egin... erakutsi zidan. Atxartera askotan joaten ginen, eta ondoren Etxauri eta Araotzera egin genuen salto. Mendira joaten ginen bakoitzean negoziatu egin behar izaten genuen: goizean mendia egin eta arratsaldeetan eskalatu. 12 urterekin kalaka handia ematen zuen, eta egoera berrira moldatu ginen.

Patxik eskaladarekin zuen fanatismoa, nola hartzen zenuten etxean?

Askotan pikutara bidaltzen genuen; burua lehertzeko zorian uzten zigun. Eskalada izaten zuen beti buruan. Bake pixka bat nahi genuenean, gelara bidaltzen genuen han eskaladako liburuak zein aldizkariak irakur zitzan.

Hala ere, esan behar dut pena eman zidala semeak beste kirol batzuk albo batera uzteak. Gipuzkoako eskolarteko kiroletan hartzen zuen parte. Pilotan, adibidez, oso trebea zen. Eta dena utzi zuen eskaladan jarduteko.

Oso argi izan zuen betidanik, ezta?

14 urterekin, Mulas anaiekin eta Arrasateko jendearekin eskalatzen hasi zen, eta nitaz paso egin zuen. Behin esan zidan Espainiako Txapelketan (gazteen mailan) parte hartu nahi zuela, eta nik esan nion adinik ez zuela. Azkenean lehiatzeko aukera izan zuen. Baina aurretik negoziatu egin genuen. Irailerako bi irakasgai utzi zituen, eta esan nion horiek gainditu ezean, ez zela lehiatuko. Uda osoa ikasten eman ondoren, azterketak gainditu eta biak Madrilgo txapelketara joan ginen.

Handik aurrera, Espainiako selekzioak nazioarteko beste lehia batera eraman zuen eta gaur arte lehiatzen jarraitu du.

Denboraren poderioz, bai arrokan bai lehiaketetan Patxik izan zuen goi mailako ibilbideagatik apurka-apurka profesionalen munduan sartzen hasi zen. Ez zen batere erraza izan, ezta?

Hasieran, jakina, ikasten ari zenez, gu ginen bere «babesleak». Esaten zigun Dani Andradak ikasketak utzi zituela eskaladan buru-belarri aritzeko. Eta berak ere gauza bera egin nahi zuen. Nik esaten nion ikasketak amaitu eta goi mailako zer edo zer egin zezala. Berriro ere negoziatu behar izan genuen. Azkenean, erdi mailako ikasketa batzuk burutu zituen.

Horren ondotik, erdibideko profesionalen munduan sartu zen. Soilik katu-oinak, sokak... jasotzen zituen. Azkenean, diru publikoa iritsi zitzaion. Kosta egin zitzaion mundu horretan sartzea, eskalada oso kirol txikia baita. Ez du Ronaldok adinako dirutza jasotzen, baina ondo bizitzeko behar beste diru badu.

Patxik lehiaketak gustuko ditu; zale amorratua dela baiezta genezake. Lehiek asko exijitzen diote, asko sufritzen du... Hori ere ondo eraman al duzue etxean?

Patxik lehiaketetara bere maila zein den jakitera joaten dela esaten du. Asko saiatu da, eta batzuetan pena ematen digu zer-nolako bizimodua duen ikusteak. Entrenamendu ugari, lagunekin ezin irten, dieta bereziak... sufrimendu handia da. Oso-oso une latzak bizi izan ditu, eta gu nola edo hala laguntzen saiatu gara. Behin baino gehiagotan galdetu diot ea merezi duen. Eta berak baietz erantzuten dit. Oso pozik bizi da, topera dago bere bizimoduarekin. Beti baikor.

Jakina, lur jota dagoenean, erabat leher eginda dagoenean... ez dira egoera batere onak. Baina Patxik bide hori hautatu du. Aspaldian esan zidan: «Aita, nik nahi dudana egiten dut. Eskaladatik bizi naiz. Hori da nik nahi dudana». Zoriontsu ikusi dut beti. Hala ere, oso gogorra da konpromiso hori hartzea. Bai Blankik bai nik asko sufritu dugu, eta egun ere sufritzen jarraitzen dugu. Batez ere etxera lur jota etortzen denean...

Patxi da munduan gehien entrenatzen duen eskalatzailea. Oso zintzo eta serio jokatzen du bere proiektuarekin. Gu askotan lehiaketetara Patxirekin joaten gara, besteak beste, lasaitasuna transmititzera eta barruan duen kaka guztia bota dezan. Bestalde, Patxiri esker asko bidaiatu dugu, nazioarteko makina bat leku ezagutu ditugu eta, oro har, aukera eman digu beste mundu bat, eskalatzaileen mundua, gertutik bizitzeko.

Lehiaketa batera joaten denean, zein aholku ematen diozu?

Aholkurik berez ez. Arestian aipatu dudan bezala, lasaitasuna ematera joaten gara. Patxik argi dauka ez dela beste eskalatzaileen aurka lehiatzen. Bere helburu nagusia bide baten aurka lehiatzea da; finean, bere buruaren aurka lehiatzen da.

Adibide adierazgarri bat emango dizut. Munduko Kopako azken bi probetan, Brno eta Kranj-ekoan, Patxirekin izan ginen. 10-15 eguneko egonaldia izan zen. Min hartuta zegoen, eta ez genuen bakarrik utzi nahi. Ez genuen lehiaketari buruz batere hitz egiten. Rokodromo batera joan eta aseguratu egiten nuen. Han ere haserrealdi bat baino gehiago izan zituen ez nuelako ondo aseguratzen. Eta nik ahal nuena egiten nuen. Txantxa horiek egiten ondo pasa genuen. Egonaldia bukatu bezain laster, hauxe esan zigun: «Lesionatuta egon arren, oso ondo pasa dut zuekin; denbora asko generaman hirurok logela batean elkarrekin egon gabe». Esan bezala, lasaitasuna eman genion. Min hartuta eta bakarrik egon izan balitz...

Patxik dena irabazi du. Zein izan da gehien ase zaituen Patxiren garaipena?

Pare bat. Txinako Munduko Txapelketa une gorena izan zen. Lehia horretan hiru aldiz jarraian bigarren geratu zen, eta bai Patxirentzat bai guretzat oso gogorra izan zen. Finean, sari moduko bat izan da.

Bestea, 2005eko Espainiako Txapelketa. Hilabete batzuk lehenago, Municheko Munduko Txapelketan, arazo larri batzuk izan zituen. Oso gaizki pasa zuen, besteak beste, ingurukoek, federazioak... bere aurka egin zutelako. Nahiz eta giro gaiztoa izan, txapelketara joatea erabaki zuen, baina irabaztera. Eta irabazi egin zuen. Ni, ero baten pare, bera zoriontzera eta besarkatzera joan nintzen. Ondoren, giro hori lasaitu egin zen.

Elkarrizketa honetatik argi asko ondorioztatzen da Blankik eta zuk Patxiri asko lagundu diozuela beti. Hala ere, iruditzen zait Patxik saldu egin zaituela. Eta hori diot, irratian honakoa entzuten diodalako: «Nire familia Kirolgi da».

(Barreak). Bai, bai badakizu denak saltzen direla. Txantxak alde batera utzita, Patxik badaki zein den bere familia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo