GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

Ofizioa ez da beti eztabaidan aritzea

Agin REZOLA

Bertsolaria eta Info7 irratiko esataria

Ofiziotan egiteko moduak eta moduak daude, pertsona batekin hitz egiteko moduak dauden bezalaxe. Zenbait ofizio propio prestatuta daude bertsolari batek argumentu bat defenda dezan eta beste bertsolariak aurkako postura, eta horrela ez izan arren, askotan, bertsolariak berak bilatzen du aurkakotasun hori. Ofiziorik onenak ordea, nire gusturako behinik behin, aurkakotasun hori gabe, bi bertsolariak egoera baten aurrean jartzen dituztenean entzuten ditugu. Adibidea atzo Jon Maia eta Maialen Lujanbiok egin zuten ofizioa izan daiteke. Maia prostituta zen eta Maialen ezkontzeko eskatu zion asteroko bezeroa. Prostituta ez zen ez baiezko batekin hasi, ezta ezezko batekin ere, galdera batekin baizik: ea zer nahi zuen Maialenek, Jonen gorputza edo bihotza (bertso horretako lehen puntua ere azpimarragarria: «putetxea beti da/ eremu laiotza»). Galdera horrek ateak zabaldu zizkion Maialeni eta honela erantzun zion: «gorputza hemen daukat/ nahi dudanerako/ eta bihotza nahi dut/ egunerorako». Neurri eta errimaren dotoreziarik gabe ere, eman daitekeen erantzuna.

Maiak orduan, beste hari mutur bat atera zion gaiari, sakonean galdera bat duen arrazoi batekin: «nik maitasuna nahi dut / ta ez errukia». Ea errukiz ari zitzaion ezkontzeko eskatzen galdetu zion nolabait. Baina proposamena egiten ari zena bezeroa zen, Maialen kasu honetan, eta atzoko bertsorik onenetako bat une horretan entzun genuen. Nire memoriak ez badit hutsik egiten: «uztai pare bat daukat/ antzarik ez duna/ aukera ezazu bat/ ezkerra, eskuma/ hemen kondoia dezu/ hemen eraztuna». Ea ezkondu edo ordura arte bezala jarraitu nahi zuen galdetu zion, hamarreko txikiak duen magiarekin. Maialenek oso gustuko duen neurria da hamarreko txikia, eta zergatik, nabarmen gelditu zen bertso hartan.

Jon Maiak ordea, ez zuen elegantzia gutxiagorekin erantzun. Zergatik aukeratu bata ala beste? Maiak lehendabizi eraztuna jartzeko eskatu zion eta ondoren preserbatiboa. Une batean ere ez zuten elkarren aurka egin eta elkarri galdetu eta erantzunaz, eraiki zuten ofizioa. Erantzutea ez baita beti zuk «txuria» esaten baduzu nik «beltza» esatea. Hori da behintzat, atzo Donostian izandako 6.000 iritzietako bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo