GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

Final txikia, handi bihurtuta

BECerako sailkatzea sarrerak lortzea baino errazagoa dela kantatu du Maialen Lujanbiok kopletako bertsoaldian. Aurtengo txapelketaren «boom»a agerian gelditu da. Barakaldon Donostian izandako zaleen bikoitza baino gehiago izango dela pentsatzeak bakarrik, oilo-ipurdia jartzen du. Hamahiru egun baino ez dira falta egun handirako.

p006_f01_250x152.jpg

Ane ARRUTI

Alde Zaharrean egin dugu lehenengo geldialdia. Eguraldiak gehiegi laguntzen ez badu ere, badabil jendea poteoan. Hala ere, Realaren partidari begira gehienak -batak ez du-eta bestea kentzen-. Bazkalordua iritsita, mahai guztietan matematikak nagusi. «Sarriegik hortxe dauka... Miren ere ez dabil urruti... Sustrai sartuko al da?». Mahai batean Getariako bertso eskolako koadrilatxoa, Uxue Alberdiren hooligan taldea. «Ez dauka erraza, baina orain arte egin duen bidearekin harro gaude, bide egin baitu!», dio batek, eta pankartan idatzi duten kopla ere aurreratu digu: «Jokoa jolas bihurtu nahian bidea hautatu duzu/ lapa-jaleak zurekin gaude animo ta eutsi Uxu». Lasai utzi ditugu bertan, etxeko-lanak ongi eginda etorri dira, Belodromorako eta BECerako sarrerak aspaldi hartuta.

Autoan sartu eta bagoaz bertso-festaren epizentro aldera. Garaiz, ustez, saioa hasteko bi ordu eta erdi falta dira oraindik. Anoeta aldera inguratu orduko zalantza ere sartu zaigu ea aurreratu egin ote duten. Jendea batetik, jende gehiago bestetik. Orioko «mini-txaranga» bertan, hauek ere txapelketa aurreratu ahala inkorporazioak batuz, bikote artistikoa hirukotetu dute Gurrutxaga aupatzeko.

23. leihatilan «esperantzara kondenatuta» zain ikusi ditugu final handia galdu nahi ez duten ehunka zale. Hemen ere matematikak gora-behera. «Bakoitzak bi sarrera har ditzake, aurretik berrehun inguru badauzkat, hirurehun sarrera salgai, baina badaezpada...». Zaleen artean zain, bertsolariak ere bai. Amurizatar familia osoak ordubete inguru badarama bertan. «Guk hartuta ditugu baina badakizu, lagun batzuk gabe gelditu dira eta...», esan digu Mirenek. «Ez dakit iritsiko zaizkigun», esan du amak ilarari begira.

Eskuak eta hortzak dardarka bikote gazte batek lortu du bere helburua. «Ordu bietatik gaude hemen eta ehun eta hamargarrenak ginela esan digute. Kafe bat hartzera goaz, ea berotan sartzen garen».

Aritz Zerain Bertsozale Elkarteko koordinatzailea dago leihatila barruan. «Goizeko bederatzietarako dozena erdi bat bazeuden ilaran, finalaurrekoak lehenagoko finalen pare jarri dira», esan du. «Ahalegin berezia egin dugu eta azkenean mila lagun gehiago sartzea lortu dugu, 14.500 izango gara BECen. Gehiago ezin dugu».

Anoetakoa txikitzen doan neurrian, gero eta luzeagoa da Belodromo atariko errenkada. Lehenengoak Zarautz eta Andoaindik iritsita 15.00etarako bertan. «Bertsolariak eta euren keinuak gertutik ikustea gustatzen zait. Bi saiotara baino ez dugu huts egin eta guztietan lehenengo hamar ilaren artean eseri gara», azaldu du emakume batek.

16.30erako ireki ohi dituzte ateak, oraingoan laurak pasatxo hasi dira zaleak barrurantz sartzen.

Eguna hotz, giroa bero

Sartu eta sartu ari da jendea eta 17.30ak gero eta hurbilago. Lekua hartu, komunetik pasa eta pankartak zintzilikatzea, egin beharreko lanak. «Ez Egaña, ez Atxaga, hi bai poeta, Gurrutxaga» irakurri dugu batean.

Ordua iritsita oraindik ere jende uholdea etengabe ari da sartzen. Urduritasunak gorantz eta azkenean bai, hasi da «Bertsoka-bertsoka» doinu itsaskorra. Gorputza mugitu beharra dago gainera, giroa gori-gori badago ere, berokia erantzi bai, baina gehienek sorbalden gainean jarri dute berriro. «Ni azpitik leotardoak jantzita etorri naiz badaezpada», aitortu du inguruko batek. Bazekien zerbait!

Txaloka hasi dira bertsozaleak, bertsolariak ez dira, hala ere, inondik ageri. Olinpiar Jokoetako desfilea bailitzan, estadioko ertz batetik azaldu dira azkenean arratsaldeko protagonistak. Aurretik, Saroi, ikurrina beharrean gai zerrenda gordetzen duen karpeta esku artean duela. Segidan, berriz, Maialen, Aitor, Uxue, Jon, Iñaki eta, ukabilak altxatuz jendeari kasu eginez, Arkaitz, «Bizkaiko oilarra».

Txalo eta animo oihuen artean igo dira oholtza gainera. Bestela askorentzat oharkabean pasako liratekeen aurpegi urduri, kontzentratu eta zurbilen lehen planoak ageri dira aurten lehenengoz jarri duten pantaila handian. Txiki ikusten dira bertsolariak 12.000 begien aurrean eta momentu horretan burutik zer pasako ote zaien pentsatuz sabelean korapiloa egin zaigu guri ere.

Agurren txandan, Belodromoaren handitasuna, kalkulagailuen dantzak eta lehenagoko finalak izan ziren gogoan. Jon Maiaren hasierako abisua ere, dotorea: «Patxi Lopezek ba ote daki nor arraio zen Xalbador/ haientzat zer da Euskal Herria Urepel edo Petronor/ haien gazteen zain bageunde gaur hemen ez legoke inor».

Bizikletarik ez Belodromoan baina korrikaldi politak ikusi dira bertsoaldien artean komunera zein tabernara bidean. Hiru garagardo eskutan hartuta oreka erakustaldi ederrak ere bai pistako aldapatik behera.

Ezagutu dugu azkenean finalerako zortzikotea.

09.00etarako zain

Finalerako txartelak eskuratzeko azken aukera izan zen atzo, bai bertsolari, baita bertsozaleentzat ere. Goizeko bederatzietarako hurbildu ziren lehenengoak Anoetara. Kanpin-dendarik ez, baina aulkiak hartuta itxaron zuten.

14.500 bertsozale

Aukera guztiak aztertu ondoren, BECen hasieran baino 1.000 pertsona gehiago sartzea lortu dute Bertsozale elkartekoek. Sarrera guztiak salduta, 14.500 izango dira abenduaren 13an Barakaldon ospatuko den finalean bilduko diren zaleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo