GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal idazleek bat egin dute Etxeraten deialdiarekin

Etxeratek urtarrilaren 2an Bilbon egingo duen manifestaziori babesa eman diote hogeita hamarren bat euskal idazlek. Horietako batzuek, atzo Donostian eskainitako agerraldian, Bilbon «mundu oso bat, euskal mundua» presoen alde elkartuko dela azaldu zuten.

p013_f01_111x111.jpg

Janire ARRONDO

«Egun indarrean den» espetxe politika amaiarazteko aldarria zabaldu zuten atzo, Donostian, dozenaka euskal idazleek. Etxeratek urtarrilaren 2an Bilbon «Euskal presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe» lelopean egitekoa duen manifestazioari babesa erakutsi zioten. Han izan ziren, beste hainbaten artean, Abelin Linazisoro, Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, Fito Rodriguez, Lucio Urtubia, Iñaki Egaña edo Joxe Iriarte, Bikila, esaterako.

Pako Aristik eta Antxon Gomezek salatu zuten, beste dozenaka idazleren izenean, presoek jasaten duten «sakabanaketa bihozgabea» euskal gizarte osoaren aurkako erasoa dela.

«Bada garaia espetxe politika hori behingoz eteteko», esan zuten idazleek. Alde horretatik, elkartasuna eta atxikimendua «ezinbesteko» direla nabarmendu zuten. «Mundu oso bat elkartuko da Bilbon, euskal mundua presoen alde!», esan zuten bozeramaileek.

«Kartzela irakurketa»

Fito Rodriguezek «Kartzela irakurketa» izenburupean idatzitako poesian bildu zituen euskal preso politikoen egoeraren gaineko gogoeta horiek guztiak.

Bere lanean, idazleak gogora ekarri zuen Oscar Wildek, «Readingo kartzelako balada» idatzi zuenean, ez zukeela pentsatuko kartzelan idaztea ere debekatuko zutenik. Hala, idatziz jaso zuen, bestalde, kartzelan gaelikoa ikasi eta hizkuntza horretan idatzi zuen Bobby Sands irlandarraren kasua. «Kartzeleroen bihozgabekeriaren gainetik idatzi zuen `Egun bat nire bizitzan' lana»,esan zuen Rodriguezek. Estatu espainoleko espetxeetan, ordea, «lege guztien gainetik» presoek euskaraz ikasteko debekua dutela gogorarazi zuen.

Honela amaitu zuen «jakin- mina duen edonork irakurtzeko» idatzitako poesia: «Baina, hala ere, haien bizitzaren alde, euskaraz izkiariatu nahiko genuke inoiz idatzi den olerki lirikorik dotoreena».

EUSKARAZ

Espetxeetan, «lege guztien gainetik» presoek euskaraz ikastea debekaturik izatea «onartezina» dela salatu zuten euskal idazleek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo