GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gizarte zerbitzuen laguntza behar dutenen kopuruak gora egin du

Hotz Handia plana gaur jarri da abian Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Egoera zailean bizi diren pertsonei neguko baldintza bortitzei aurre egin ahal izateko harrera egiten dieten egiturak indartu eta zabaltzen dira ekimen horren bidez. Gero eta langile eta erretiratu gehiago biltzen dituzten egitura hauek gizarteak bizi duen egoeraren isla dira.

p016_f01_181_144.jpg

Idoia ERASO

Etxerik gabeko ehun pertsona baino gehiago bizi dira Baionan. Hogei eta hogeita hamar artean dira Donibane Lohizune eta Biarritzeko karriketan ibili, jan eta lo egiten dutenak. Orain arte neguko hotzari aurre egin ahal izateko gizarte zerbitzuetara hurbiltzen ziren pertsonak izaten ziren horiek, baina azken urteotan irudia aldatu egin da. Gauean behar dutenei afari beroa eskaintzen dien Gaueko Mahaian, eta eguneroko beharretan laguntzeko dagoen Eguneko Harrera Zentroan egiten du lan Pierre Sudetek. Egun bizi dutena irudikatu zuen gizarte-langileak: «Gero eta gehiago dira nahikoa baliabide ez duten erretiratuak eta baldintza txarretan lanean aritzen diren beharginak».

Egoera berri honek orain arte bi mundutan bizi ziren pertsonak elkartu ditu Baionako Gaueko Mahaian. Kalean bizi diren pertsonak beren errealitatetik urrun ikusten zituzten erretiratuek orain gauetan haiekin solasean ikusten dute beren burua. «Erretiratu asko bakarrik bizi dira eta janari bero bila etortzeaz gain, solasean aritzeko ere hurbiltzen dira», nabarmendu zuen Sudetek. Halaber, erretiratuak dira gehienbat Bihotzeko Ostatuetako laguntza gehien eskatzen dutenak, haurrak bakarrik hezten dituzten emakumeekin batera.

Gaueko Mahaia eta Bihotzeko Ostatua Elikagaien Bankuak bildutako janaria jasotzen duten hogeita sei elkarteetako bi dira. Eskaeraren gorakada nabarmendu du Bankuak, «Elkarteek lagunduko dituzten kopuruak bidaltzen dizkigute; nabarmen igo da, 3.900 pertsona dira», azaldu zuen elkarteko Maite Coquillatek. Duela bi aste afariak banatzen hasi zen Gaueko Mahaiak datu horren adierazle da. «Jende asko etortzen ari da, laurogeita lau pertsona izatera iritsi gara, eta orain arte inoiz ez zen horrelakorik gertatu sasoiaren hastapenean. Joan den urtean garai honetan berrogeita hamar eta hirurogei pertsona artean genituen», nabarmendu zuen Pierre Sudetek. Ostegunean neguko sasoia hasiko duten Bihotzeko Ostatuetan gorakada nabarmendu da, Aierran esaterako %15 igo da janaria jasotzeko izena eman dutenen kopurua.

Asteburu honetan egin da urteko elikagaien bilketa eta datu zehatzak aste amaiera arte izango ez badira ere, lehen inpresioa eman zuen Coquillatek. «Nahiko ondo joan da, baina badirudi toki batzuetan iaz baino janari gutxiago bildu dela».

Barnealdean

Pertsona batetik bestera eta tokian bakoitzean egoera oso ezberdina bada ere, lan soziala oso garrantzitsua izaten da. Lapurdiko kostaldeko hirietako errealitatea eta Nafarroa Beherea eta Zuberoakoa oso desberdinak dira. Eskaleak ikustea arraroa baldin bada ere, pobreziak barnealdeko gizartea ere jotzen du, baina ez da hain agerikoa. Egoera «lotsagarri» horri norberak bere etxean aurre egin ahal izateko, Bihotzeko Ostatuen laguntza da zabalduena bertan. «Janaria baino gehiago eskaintzen ahalegintzen gara. Gure ahalen arabera, lanik gabe diren gazteei gure artean lana eskaintzen eta etxebizitza ahalik eta merkeena eskuratzen ahalegintzen gara», azaldu zuen Garazi aldean Bihotzeko Ostatuetan aritzen den Pettan Elissaldek.

Kostaldeko hirietan ere pertsonen araberako zerbitzuak eskaintzen dira. Familiak Secours Catholique eta Atherbea egituretara joaten diren bitartean haurrei sarrera debekatua zaie Gaueko Mahaian eta Eguneko Harrera Tokian. Azken toki honi buruz Soudetek argiki adierazi zuen: «Inork nahi ez dituen pertsonak hartzen ditugu hemen». Afaria eskaintzen duen «mahaian» ere gatazka egoerak sortzen direla azaldu zuen: «Dependentzia maila handia duten pertsonak etortzen dira hona. Karrikan urtebete pasa ondoren gutxienik hiru urte behar dira errekuperatzeko».

Janaria eskaintzen du bereziki hotz handia planak

Neguko tenperatura baxuak heldu berri diren honetan Hotz Handia plana abian jarria da. Egitura honen bitartez sei elkartek behartsuei zerbitzu gehiago eskaintzen dizkiete. Horietatik Gaueko Mahaia da negu garaian soilik lanean aritzen dena, beste bostek urte osoan eskaintzen dute laguntza: Atherbea, Gurutze Gorria, Emmaüs, Secours Catholique eta Eguneko Harrera Zentroa. Azken honetan joan den urtean 14.000 bisita izan ziren eta hiru elkartek eskaintzen dituzten oheetan 5.328 gaualdi, hau da, batez beste gaueko 44 pertsona izan ziren.

Gaua pasatzeko ohe kopurua urte osoan berrogeita hemezortzikoa bada ere, elikadurari dagokionez, zerbitzu gehiago eskaintzen dira neguan. Gaueko Mahaia eta Bihotzeko Ostatuak negu partean hasten dira elikagaiak eskaintzen. Gaueko Mahaiak janari beroa ematen du; Bihotzeko Ostatuak, berriz, etxera eramateko elikagaiak banatzen ditu. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo