GARA > Idatzia > Mundua

Eskuin muturreko taldeek Suitzako galdeketaren emaitzak aho batez txalotu dituzte

p021_f02_088x068.jpg

GARA | GINEBRA

Minarete gehiago egiteko debekuari baiezkoa eman izanak zurrunbiloa eragin du. Suitzako egunkarien esanetan, botoak «beldurra eta ezjakintasuna izan du oinarri».

Eskuin muturreko taldeak, aldiz, pozik agertu ziren emaitzarekin. Estatu frantsesean, eskuin muturreko Fronte Nazionaleko presidenteorde Marine Le Penek Estatu frantsesean -bertan Europako komunitate musulman handiena bizi da, bost milioi pertsonakoa- antzeko galdeketa egitearen alde egin zuen.

«Immigrazioaren gaineko nazio galdeketa egin behar dugu, arazoa minarete soil bat baino sakonagoa eta larriagoa da-eta», esan zuen. Le Penen proposamenaz gain, Nicolas Sarkozyren Gobernuak burka legez debekatu nahi du emakumeen duintasunaren kontrakoa dela argudiatuta. Horrekin batera, nortasun frantsesaren gaineko eztabaida polemikoa jarri du abian Gobernuak.

Partidu Sozialistak«kezkagarri»tzat jo zuen Suitzan gertatutakoa. «Atzerritarra, musulmana, mendebaldeko gizartearen arazo ororen errudun bilakatzeko arriskua dugu», plazaratu zuen.

Italian, Silvio Berlusconirekin Gobernua osatzen duen Iparraldeko Ligak Suitzako erabakiarekin bat egin zuen.

Belgikako Vlaams Belang taldeak Suitzaren «sen onak politika egokia hartzea» ahalbidetu duela esan du.

Herbehereetan, PVVko buru Geert Wildersek Suitzako galdeketa egin dezan eskatu zion Gobernuari. Korana Hitlerren Mein Kampf manifestuarekin alderatu izan du eta debekatzea proposatu du.

Alemanian, Angela Merkelen taldeko goi kargudun batek minareteen garaipenari «zor zaion garrantzia eman» behar zaiola esan zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo