Gazte mugimenduaren kontrako azken erasoari erantzuteko deia egin du IAk
Gazte mugimenduak pairatutako azken erasoari erantzun bateratua eman behar zaiola nabarmendu zuten atzo Ikasle Abertzaleak euskal ikasleen mugimenduak Bilbon egindako agerraldian. Hala, mobilizazioak deitu ditu biharko ikastetxe, campus eta hiriburuetan.
Manex ALTUNA
Joan den asteburuan Zestoan burututako Gazte Topaketetan gazte mugimenduak jasandako azken erasoari modu bateratu batean erantzuteko dinamikarekin bat egiten duela adierazi zuten atzo Ikasle Abertzaleak taldeko ordezkariek.
Unai Txurruka eta Ikoitz Arrese eledunek Bilbon egindako agerraldian azaldu zutenez, IAk «konpromiso» ugari hartu ditu gazte independentisten kontrako sarekadaren aurrean. Lehenik eta behin, beren «babes osoa» adierazi nahi izan zieten atxilotu eta kartzelatu dituzten guztiei, bai eta haien senide eta lagunei ere.
Azken polizia operazioa «Estatu espainiarrak eta frantziarrak sistema kapitalista patriarkalaren aurka lanean ari den gazte ororen aurkako erasoa» dela salatu zuten. Ildo horretan, euskal ikasleei «hezkuntza sistema arrotzak inposatzen» dizkietela kritikatu zuten «gazte sumiso eta akritikoak sortzeko». Bologna prozesua eta ikastetxeetan ateratako dekretu «atzerakoi eta autoritarioak» aipatu zituzten horren adibide gisa.
Mobilizazio eguna
IAko bozeramaileek ikasle erakundeak gazte mugimenduak kaleratutako manifestuarekin bat egiten duela esan zuten eta ikasleria osoari ezagutarazteko eta Euskal Herriko zein nazioarteko bestelako ikasle antolakundeen atxikimendua lortzen ahaleginduko direla adierazi zuten.
Horrez gain, datorren abenduaren 5ean gazte mugimenduak Durangon egingo duen manifestazioan izango direla adierazi zuten eta biharko, abenduak 3, mobilizazio eguna deitu dutela jakinarazi zuten ikastetxe, campus eta hiriburuetan «hezkuntza eremutik» azken erasoari erantzuteko.