GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Itsu saiatua eta elefantea

Txostenak itzulingururik gabe ebazten du Babriren meskitaren suntsipena ez zela inondik ere jendetza buruberoaren ezusteko ateraldia izan, orduko Janata alderdiko buruzagiek zehazki antolatutako desmasia deliberatua baizik

Subjektibismoaren alegia ezin hobetzat kontatu izan ohi da indiar itsuen eta elefantearen istorioa gure artean, bakoitzari suertatzen zaion behatokiak noraino baldintzatzen dituen ikuspegiak azpimarratzeko. Pazientziaz eta jarraikortasunaz Ekialdeko bertuteak nonbait baliatuz haietako edozein elefantearen egitatea konplituki kausitzeko gai izan daitekeela frogatzera etorri da M.S. Liberhan indiar epaile ohia, ordea. Eta beste ezergatik ez balitz ere, merezi luke gure artean eskaini zaiona baino arreta gehixeago haren txostenak. Baina bada besterik.

Datorren igandean beteko da Ayhodhiako gertaeren hamazortzigarren urteurrena: 1992ko abenduaren 6an, dozenaka mila laguneko jendetza hindu batek erabat suntsitu zuen Uttar Pradesheko hiri historikoan zetzan Babriren meskita ospetsua, «Ramaren jaiolekuaren» auzi erlijioso-kultural zaharra fase berri eta ezin pozoituagora eramanez. Ondorengo egunetan India osoan jazo ziren iskanbila erlijiosoetan bi mila lagun baino gehiago hil ziren, era izugarrian gehienetan, independentziaz geroztiko gatazka sozialik odoltsuenean. Eta biziki gaiztotutako zauria da gaur egun 1992koaren oroitzapena.

Babriren meskita suntsitu eta hamar egunetara, orduan Kongresu Alderdiaren eskuetan zegoen Gobernu zentralak M.S. Liberhan epaile erretiratuari eman zion gertaerak argitu, erantzukizunak zehaztu eta konponbideak proposatuko zituen «gizabanako komisioa» (Liberhan beste kiderik ez baitu izan delako «batzordeak») osatzeko ardura. Hiru hilabeteko epea zuen ikerketa egin eta emaitzak aurkezteko. Bistan da epeen betetzean ez dirudiela eredugarria: 48 epe-luzapen eta hamazazpi urte eta erdi behar izan ditu Liberhanek laurehun bat lekukotza jaso eta 1.029 orrialdeko txostena erredaktatzeko. Hala ere, osasunak lagunduta, aurtengo udan amaitu zuen lana agure saiatuak, eta ipini du idatzia Singh egungo lehen ministroaren eskuetan. Beranduegi zirudien arren, goizegi zen nonbait, halere. Iragan sei hilabeteak argirik ikusi gabe eman baititu txostenak, azkenean norbaitek hedabideetara helarazi duen arte. Eta orain bai harrotu dituela India osoko hauts politikoak, eta beste bazter batzuetakoak. Leherkorra delako edukia.

Txostenak itzulingururik gabe ebazten baitu, testigantza gurutzatuak lekuko, Babriren meskitaren suntsipena ez zela inondik ere jendetza buruberoaren ezusteko ateraldia izan, baizik eta orduan Uttar Pradeshen Gobernuan eta erakunde zentraletan oposizioan zegoen Janata alderdiko buruzagi gorenek aldez aurretik zehazki antolatutako desmasia deliberatua. Eta, bide batez, ondorengo izugarrikerien erantzukizunaren zatirik larriena ere haiexei dagokiela. Geroztik Gobernu zentraleko arduradun nagusietakoak izan diren A.B. Vajpayee, L.K. Advani, M.M. Joshi eta abar zuzenki aipatzen ditu. Guztien gainetik, alderdiaren bizkarrezurra osatzen duen RSS erakunde paramilitarraren eta Kalyan Singh agintariaren errua aldarrikatuz.

Erlijioaren erabilera politiko suntsikorrari edota hedabideen konplizitateari egiten dizkien aipamen garratzak tentuz irakurri beharrekoak dira. Elefante horiek ez baitira Indiakoak soilik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo