GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Guraso izan kolera garaian

 

Zer esan, nola jokatu, zein mezu eman etxean gazteei, bihar-etzi euren izenak ez ikusteko Barne Sailak ateratako zerrendan? Geldi egon daitezela esan, zirkinik atera ez dezatela, pairatzen dugun egoeraz komentariorik ez egin etxean, albisteak entzutean isildu, disimuluz kanala aldatu, gaiaz ez mintzatu seme-alaben aurrean?

Eta ezer esan gabe ere ohartzen badira zure atsekabeaz atxiloak dauden bakoitzean? Zer azalduko diezu lagun bat ikusteko milaka kilometro egiten dituzun asteburuetan? Agian etxean ez zenuke inoiz adierazi behar, ezta ustekabean ere, nolako samina eragiten dizun injustiziak. Baliteke kolkorako gorde behar izatea erraietatik ateratzen zaizun biraoa gazteak atxilo eramaten dituztela ikustean. Beharbada hobe da zure amorrua ezkutatzea, ohar ez daitezen gertatzen denaz, non bizi diren, zein den patu kolektiboa, ametsik egin ez dezaten askatasunaz.

Pentsatzen duzu ez ote den hobe izango ezjakintasunean heztea, eta haztatzen duzu zer duzun nahiago, beldurraren preso izan daitezela ala ziega batetik begira diezaiotela munduari hurrengo urteetan. Ez duzu ikusi nahi seme-alaben izen-abizenik hurrengo sarekadaren zerrendan, alfabetikoki edo herrika ordenatuta.

Eta ahotsa moteldu egiten duzu gaia ateratzen denean, erlatibizatzen saiatzen zara, gauzak poliedrikoak direla azaltzen duzu. Baina badakizu alferrikakoa dela. Errealitatea tematia da, gordina, eta disimulu gutxi dago 35 gazte, gazte izateagatik, hartzen dituztenean. Eta ez dakizu zer egin egun batean ez ikusteko nola esku batek buruan bultza egin dien seme-alabei, auto batera sarrarazten dituzten bitartean.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo