GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zentro pribatuetan abortatzen dute emakumeek Bizkaian eta Gipuzkoan

Gipuzkoan eta Bizkaian hamarretik bederatzi emakumek ospitale pribatuetara jotzen du abortatzera. Araban, aldiz, egindako abortu guztiak ospitale publikoetan egin ziren 2008an. Iazko datuak eskuetan, Gasteizko Legebiltzarrak, sei hilabeteko epean, datu horien gaineko argibideak emateko eskatu zion atzo Osasun Sailari.

Janire ARRONDO

Iaz Gipuzkoan 1.029 abortu egin ziren, eta horietatik soilik 79 egin ziren ospitale publikoetan. Antzekoak dira Bizkaiko datuak ere; hor 1.805 emakumek erabaki zuen haurdunaldia etetea, baina, horietako 78k izan ezik, gainerako guztiek zentro pribatuetan egin zuten ebakuntza. Araban, berriz, guztiz bestelakoak dira 2008ko datuak, izan ere, 32 abortu egin ziren, guztiak ospitale publikoetan. Datu horiek eskuetan, atzo, Gasteizko Legebiltzarrean Osasun Sailak desoreka horren zergatiak aztertu behar dituela erabaki zuten. Hala, sei hilabeteko epean egoeraren nondik norakoak jasotzen dituen txostena osatu beharko dute. Horrez gain, Legebiltzarrean adostutako testuan haurdunaldia eteteko orduan emakumeek dituzten arazo ekonomiko eta kulturalak aztertzeko eskatu zuten.

Osasun Saileko prentsa departamenduak bestalde, ez zion egoera honen gaineko azalpenik eman nahi izan GARAri. Eman beharreko argibideak txosten horretan bilduko dituztela jakinarazi zuten.

Hiru baldintza

PSEk eta EBk Legebiltzarrean proposatutako ekimenarekin bat egin zuen EAJk ere; PPk, ordea, aurkako jarrera agertu zuen. Teresa Laespada PSEko parlamentariak eman zituen datuen inguruan, Mikel Aranak (EB) gaineratu zuenez, «haurdunaldia eteten duten emakumeen erdiak zentro publikoetara jotzen dute informazio eske, baina, ondoren soilik hamarretik bederatzi dira ebakuntza bertan egitea hautatzen dutenak».

Laespadak, bestalde, emakumeek sare pribatura jotzearen zergatia publikoan zerbaitek huts egiten duela izan litekeela azaldu zuen.

2008ko datuen arabera, Osakidetzan abortatu zuten emakumeen %95ek umekiak arazoak zekartzalako egin zuten. Hori da, hain justu ere, abortatu ahal izateko bete beharreko hiru baldintzetako bat. Azken hilabeteotan abortuaren legea eraberritzeko egitasmoa bolo-bolo badabil ere, oraindik 1985ko legeak agintzen dituen baldintzak betetzea beharrezkoa da. Emakumearen osasun psikiko edo fisikoa arriskuan egotea, edo haurdunaldia bortxaketa baten ondorio izatea dira abortatu ahal izateko beste bi baldintzak. Baldintza horietako bat betetzen ez bada, abortua egin duen medikua zein emakumea zigortuak izan daitezke.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, bestalde, haurdunaldia eten nahi duten emakumeek bi aukera dituzte: Baionako Ospitalera edo Biarritzeko Jean Marie Le Guevel ginekologoarengana jotzea. Azken honek, ebakuntzak Baionako Lafargue erietxean egiten ditu. Baionako Ospitaleko Planning Familiar elkartea da emakumeei informazioa eta gomendioak emateaz arduratzen dena eta, horien arabera, abortatzen duten emakume gehienak 25 eta 35 urte bitartekoak izaten dira. Zein zentrora edo medikurengana jo aholkatzen diete elkartera hurbiltzen direnei.

Emakume gehienek, ospitale publikora jotzen dute Iparraldean. Hala ere, zentro pribatuetan egiten diren ebakuntzetarako ere osasun sistemak gastu ekonomikoen zati bat bere gain hartzen du.

Nafarroan, guztiz debekaturik

Nahiz eta legeak eskatzen dituen hiru baldintzetako bat bete, Nafarroan emakumeek ezinezko dute abortatzea; ez ospitale publikoetan, ezta pribatuetan ere. Horregatik, Donostiara, Bilbora, Madrilera, Bartzelonara edota Zaragozara joan behar izaten dute. Osasun Ministerio espainolak emandako datuen arabera, 2008an, guztira, 765 emakumek Nafarroatik kanpo joan behar izan zuen haurdunaldia etengo bazuen. Datu horien arabera, aurreko urtean baino 65 abortu gehiago egin ziren, duela lau urte baino ia %20 gehiago.

Bestalde, Nafarroan, legeak eskatzen duen baldintzetakoren bat beteta, 40 emakumek zentro pribatuetan egin zuten, eta soilik bat artatu zuten ospitale publiko batean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo