Top 14
Garaipena da makalaldi guztiak gainditzeko erremedio onena
Jon LEUNDA
Azken emaitzen ostean, Biarritzek derrigorrezkoa du gaur irabaztea, sailkapeneko laugarren postu horretatik atzera geratu nahi ez baldin badu. Ilunabarrean, Racing Metro Paris hartuko du Agileran, 19.00etatik aurrera. Norgehiagoka hau orain dela hiru aste jokatzekoa zen, baina izan ziren euriteek eta zelaiaren egoera txarrak galarazi zuten neurketa.
Biarritz Castresen zelaian itxura txarra eman eta galduta dator partida honetara, eta hori dena ahazteko onena gaur garaipena erdiestea da. Zuri-gorriek jokalari asko bajan zituztela jokatu behar izan zuten liderraren zelaian, baina gaurkorako taldean izango dira Barcella, Vahafoalu, Carizza eta Ngwenya. Traille eta Erinle, aldiz, min hartuta dabiltza eta azken unera arte zalantza izango dira. Ziurra den bakarra Balshaw-ren hutsunea izango da.
Partida hau atzoko iragarri zuen iragan astean Federazioak. Biarritzek, ordea, errekurtsoa jarri zuen, beren selekziokoekin jokatzen ari ziren jokalariek ezin zutelako jokatu, eta azkenean onartu egin diote, eta joan den asteburuan beren herrialdea ordezkatzen aritu direnak gaurkoan berdegunean izango dira.
Aurkari zaila eta zuzena izango du aurrez aurre talde lapurtarrak. Racingek dirutza gastatu du, eta bere helburua lehen lauren artean sartu eta finalerdiak jokatzea da, eta oraingoz, seigarren daude.
Jean Michel Gonzalezek zuzentzen duen taldea, berriz, makalaldiak jota dabilela dirudi, eta hori gainditzeko erremedio onena garaipena erdiestea izango du.