GARA > Idatzia > Mundua

Uribek bozetara aurkeztuko den argitu ez izanak kezka ugari eragin du

Alvaro Uribe presidente kolonbiarrak zeresan ugari eragin du azken egunotan. Izan ere, hauteskundeetarako sei hilabete falta direla, ez baitu oraindik bere burua hirugarren agintaldi baterako aurkeztuko duen ala ez argitu, nahiz eta horretarako legezko epea agortu zaion.

p021_f01_148x116.jpg

GARA |

Kolonbiako presidentea, Alvaro Uribe, eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da beste behin ere, hirugarren agintaldi baterako aurkeztea ahalbidetuko liokeen erreferendum bat dela-eta. Era horretan, haren balizko hautagaitzaren inguruko ziurgabetasuna areagotu egin da, bozetarako sei hilabete falta direnean.

Kolonbiako hauteskunde legeak zehazten duenaren arabera, astelehenean amaitzen zitzaion erabakiaren berri emateko epea, baina estatuburuak, Estorilgo biltzarrean izan den artean, ez du hitzik esan.

Presidenteak «argi esan behar dio Hauteskunde Batzorde Nagusiari aurkeztuko dela, datorren maiatzaren 30ean egitekoak diren hauteskundeak baino sei hilabete lehenago», azaldu zuen Erregistro Nazionaleko buruak. Erakunde hori da bozketa antolatzeko ardura dutenetako bat.

Adostasunik eza

Testua aztertzen aritu diren abokatuen artean ez dago adostasunik presidentearen betebeharrei dagokienez, eta haren jarraitzaileek adierazi dute erreferenduma antolatzeko, legearen babespean, urtarrilaren 30era arte itxaron dezakeela.

2008ko abuztuan, Uriberen jarraitzaileek bost milioi sinadura bildu zituzten, herri ekimenez, Konstituzioa aldatu eta hari hirugarrenez aurkeztea ahalbidetzeko.

Ekimenaren legezkotasunaren inguruan eztabaida sakonak izan dira hainbat hilabetetan, baina azkenik aurrera egitea lortu zuen.

Lege horrek, gainera, Auzitegi Konstituzionalaren onespena behar du, eta Kolonbian ez dago batere argi Uribe hautagai izango ote den. 2002an iritsi zen boterera, eta giza eskubideei dagokienez izan duen jarreragatik kritika ugari jaso dituen arren, herritarren %64ren babesa du.

Beraz, Auzitegi Konstituzionalari dagokio Uriberen aldeko alderdiek deitutako erreferendum hori lege nagusiarekin bat datorren ala ez erabakitzea.

Giza eskubideen aldeko Kolonbiako hainbat kolektibok ere izan dute hizpide Uribe presidenteak bultzatutako erreferendumaren legea eta, azaldu dutenez, «herritarren esku-hartzea» eskatuko diote Auzitegi Konstituzionalari.

Jose Alvear Restrepo abokatu elkartea izan da dokumentua idatzi duena eta igorritako agiri baten bidez baieztatu zuten erreferenduma antolatzea ahalbidetzen duen araua «legearen aurkakotzat jotzea» eskatuko dutela.

CLARA ROJAS

Kolonbiako lehendakariorde ohi eta duela 2 urte FARCek aske utzitako Clara Rojasek atzo formalizatu zuen Senaturako hautagaitza, Alderdi Liberalaren zerrendetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo