GARA > Idatzia > Kultura

Urtebeteren buruan, agur berri bat, zubi berri bat, hamaika oroitzapen zahar

Denbora azkar pasatzen dela jakina da. Konturatu gabe egiten du bere bidea, norbait eraman, ekarri edo atzean uzten duen erreparatu gabe. Denborak ohartarazi zuen atzo Mikel Laboaren heriotzaren lehenengo urteurrenaz eta, aspaldian egin ez bezala, bidean gelditu eta inguruari begiratu zion. Victoria Eugenia izan zen lagunarteko bilkura horren lekuko.

p040_f03_097x172.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Urtebeteren buruan gertatzen diren gauza guztiez oroitzea ezinezko lana da edonorentzat; eguneroko baten laguntzarekin ez bada behintzat, haizearen indar berberarekin eramaten ditu oroimenak galeraranzko bidera oroitzapen guztiak. Urteen igaroak, ordea, badu magia berezirik eta, ezaugarri nagusietakotzat du, bi egun atzerago egin duzuna gogoratu ez arren, 365 egun lehenago gertatutakoak garunean guztiz barneratuta mantentzeko gaitasuna duela. Iraunkor eta ezabaezin geratu zen iazko abenduaren lehenengoan Mikel Laboaren heriotza eta, urtebete beranduago, oroitzapen horrek mugiezin jarraitzen duela egiaztatu genuen atzo Donostiako Victoria Eugenia antzokiak hartu zuen kontzertuan.

«Mikel Laboa 180º» izenburupean, «ohore arraroa» (Iñaki Salvadorrek esan bezala) izan zuten lagun arteko kontzertuan parte hartu zuten musikariek; Salvador bera buru duen hirukoteak eta Chris Kasek (fliskorno jotzailea) hasi zuten Mikel Laboak utzitako ondarea berrinterpretatzeko ibilbidea. «Izarren hautsa», «Baga Biga Higa» edo «Gure bazterrak» izan ziren estilo jazzistiko eta intimo bati helduta entzun ahal izan ziren lehenengo kantuak. Salvadorrek pianoan bakarka hasi eta ondoren Kasek flikornoarekin lagunduta, esku artean hartu zuten «Ne me quite pas»en melodia leunek sortu zuten gaueko unerik esanguratsuenetakoa. Isiltasunarekin dantzan, hauskor eta goxo aritu ziren nor baino nor.

Zubia, elkartzeko bidea

Donostiako Udalak urtebete lehenago hala erabakita, hil osteko oroigarri gisa, Odon Elorza alkateak hiriko Urrezko Domina eskainia zion Marisol Bastida emazteari. «Gure hitzak esan, berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean txori hanka arinek utzitako arrasto zail ederra bezalaxe», ekarri zuen gogora Elorzak berak. Kasik malko artean, eta arazo bat edo beste medio (denbora behar izan zuen alkateak domina askatu eta Bastidaren lepoan jartzeko), hartu zuen oroigarria Laboa zenaren emazteak. «Mikeli bere bizitzan zehar lagundu dioten guztiei eskainiko nieke. Zentzu batean sari hau denona da, baina denon artean banatuko bagenu, apurretan geratuko zen, beraz, geuk jaso eta gordeko dugu, baina Mikelek askotan esaten zuen bezala, `guzti horiei, mila esker'», agertu zuen. Domina emateaz gain, Donostiako Udalak Mikel Laboa izenarekin bataiatuko du Cristina Enea parkea eta Loiolako Erriberako auzoa batzen dituen zubia. «Nire nahia zein den esango dut -jarraitu zuen emazteak-; nahiko nuke Mikelek berak zubi izaten jarraitzea, bere obra edo lanaren bitartez; nahiko nuke bere lana banalizatua ez izatea; nahiko nuke gogoratzea nola urtetan zehar behin eta berriro Mikelek kantatu duen bizitzaren alde eta libertatearen alde, bai indibidual eta bai kolektiboen alde.Mikel zubi bezala maiz ikusi dudalako».

Eta zubia bizirik zela eraiki zuela argi geratu zen berriz ere, eraikuntza horren erakusle izan baitziren Euskal Herriko musikari gazteak, bakoitzak bere estiloan egindako kantuen berrinterpretazioen bitartez. Makalak eta DZk, Lain bikote hasi berriak, Xabi San Sebastianek, Ken Zazpik edo Gosek frogatu zuten oraindik zer entzun, zer esan eta zer kantatu badagoela Laboak utzitako ondarean murgilduz gero. «Haika mutil», «Haurtxo txikia», «Martxa baten lehen notak», «Ihesa zilegi balitz», «Pasaiako herritik», «Dialektikaren laudorio», «Liluraren kontra» eta «Baba Biga Higa» izan ziren belaunaldi berrien lekukoa hartu dutenen ahotan entzun ahal izan ziren abestiak.

Urtebeteren buruan, lagun batek segapotora bidalitako mezuak esnatu ninduen atzo: «Gogoratzen orain urtebete gertatutakoa? Albiste txarrak zituen mezu batekin esnatu zuen orduan ere abenduaren lehenengoak». Oroimenak su-etena eskaini dit oraingoan, eta 365 egun atzerago gertatutakoa garunean gordetzeko baimena eman dit. Uste dut betiko izango dela, zubiak eraikitzen direnean bezala. Garai batekoak eta bestekoak elkartuta jarraitzeko balio dezala behintzat.

ZAHAR ETA BERRI

Mikel Laboaren betiko lagunak eta musikari gazteak izan ziren oholtza gainera igo zirenak; horien emanaldiez gain, Laboaren ikus-entzunezko bat ere izan zen nabarmentzekoa, besteak beste, «Haika mutil» nola kantatzen zuen entzunaz batera.

GOXO ETA LEUN

Iñaki Salvadorrek eta Chris Kase fliskorno jotzaileak nor baino nor jo zuten «Ne me quite pas» kantuaren melodiak eraman zuen Victoria Eugeniara ikuskizuneko unerik berezienetako bat.

DENONA

Marisol Bastida: «Mikeli bere bizitzan zehar lagundu dioten guztiei eskainiko nieke. Zentzu batean sari hau denona da, baina denon artean banatuko bagenu, apurretan geratuko zen, beraz, guk gordeko dugu. Baina Mikelek askotan esaten zuen bezala, `guzti horiei, mila esker'».

FAHED HALABI

Tras su paso por Gernika y los Centros Municipales de San Ignacio, Begoña y San Francisco en Bilbo, la exposición que recoge las obras del artista druso Fahed Halabi culmina este mes en Barrainkua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo