GARA > Idatzia > Kultura

Pausoz pauso autogestioan, MusikHerriak Durangoko Azokarako uzta aurkeztu du

Helburu komertzialik gabeko MusikHerria diskoetxeak prest du Durangorako uzta berria. Tartean, atzo aurkeztu zituen saharar herriaren aldeko bilduma eta bertan parte hartu duen Siroka taldearen estreinaldia.

p042_f01_148x092.jpg

A. BILBAO | BILBO

Laugarren urtez Durangon izango den MusikHerria diskoetxeak Azokara eramango dituen bi lan aurkeztu zituen atzo. Batetik, «(Hurria). Bi herri, irrintzi bat!» izeneko bilduma, euskal eta saharar musikarien lana biltzen duena, eta, bestetik, afrikar herri zigortuaren aldeko lanean «Iraultza Sirokoak» kantua sortzeko batu eta orain lehen lana aurkeztera datorren Siroka.

Feos pero Majos, Kloratita, Izate Faltsua eta Apurka taldeetan jotako musikariez osatua, 2009ko udan, orain gutxi sortutako laukote bizkaitarra da Siroka, eta «Haize berriak» da beren estreinako lana, zazpi kantuz osaturikoa.

Doako musika

Ez da Sahara ardatz duen bilduma MusikHerriak kolektiboak Durangora eramango duen bilduma bakarra; Balmasedako Ekintza gazte asanbladak «Zubiak apurtzen» bilduma plazaratuko du, egun etxebizitza lortzeko dagoen arazoa ahotan hartzen duen lana. Horiez gain, eta berritasun gisa, Zein da Zein? taldearen izen bereko debut lana, Junzai Txetxera talde punkaren estreinako «Ihesi» diskoa, Odolaz Blai Enkarterriko taldearen «Izate ustela» izenburuko bigarren emaitza eta Anger arrasatearren «Sedukzioaz». Eta 121 Krew hip hop taldeak, «Guztiok bat... euskal rap!» mixtapea oparituko du.

Horrez gain, aurreko urteetan egin izan duen legez, herri diskoetxeak musika doan eskuratzeko aukera eskainiko dio bere stand-era pendrive, MP3 edo tankerako gailuekin hurbiltzen den orori. Eta musika MP3 edo CD bidez zabaltzeaz gain, Ahotsenea egitasmoan ere parte hartuko dute MusikHerria diskoetxeko talde batzuek, abenduaren 6an bertan izango baitira Zein da Zein?, Siroka eta Anger.

«Bi herri, irrintzi bat», saharar herriaren alde

Sahara eta Euskal Herriko musika kulturak uztartzen dituen elkartasunezko bilduma ere izango dugu aurten Azokan, MusikHerriak diskoetxeak labetik atera berria; Tindoufeko errefuxiatu kanpamentuetan euskal musikari batek saharar musikari batekin egindako harremanetik sortua, MusikHerriak kolektiboko makina bat talde ez ezik, Saharako lau talde ere biltzen dituena.

Talde batzuek propio sortu dituzte kantuak bilduma osatzeko. Jonu Kantautorearen «Sahara libre», Sirokaren «Iraultza sirokoak», 121 Krew hip hop taldearen «Lotsaren harresia», Zein da Zein? taldearen «Elkarrekin frontean» eta Odolaz Blairen «Bihotz ilunak» dira horietako batzuek. Beste batzuek ostera, lanera ondo egokitutako kantuak proposatu dituzte bilduman parte hartzeko: Garagardo Gurak «El Sauce» abestia, Mix6t taldeak «Afrika», Norte Apachek «Hamar segundu» eta SKT Sekuentziak «Askatasuna nire emaztea zen». Gainera, Amets Arzallus bertsolariak kantatzen ditu sarrera eta agurra.

Saharar musikariei dagokienez, nahi baino gutxiagok hartu dute parte, egile eskubideak tarteko, eta lau baino ez daude presente lanean.

Bildumak ematen dituen etekinak sahararrak laguntzeko erabiliko dute, eta bilduma zuzenean aurkezteko asmoa ere agertu zuten aurkezpenean MusikHerriak diskoetxeko kideek.A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo