GARA > Idatzia > Kultura

«Azokatik azken ziegaraino», preso politikoen eskubideen aldeko ekimenak Durangon Pres

p042_f02_088x124.jpg

GARA | BILBO

Euskal preso politikoen eskubideen alde abenduaren 5ean Landako aurreko plazan izango den ekimena aurkeztu zuten atzo Bilbon, Durangoko Azokara begira.

«Euskal kultura maite dugunon topaleku, asko dira bertan egongo ez direnak, eta beraien eskubideak gogorarazi nahi ditugu» esanda, abenduaren 5erako antolatutako ekintzetan parte hartzeko gonbita egin zioten atzo preso politikoen eskubideen aldeko ekimenen sustatzaileek euskal gizarte osoari, «beraien hitzak liburu eta disko ugaritan agertuko diren arren», presoek Azokara hurbiltzerik izango ez dutela gogorarazita.

«Dispertsioak 20 urte bete berri dituenean, politika honek, Euskal Herriaren gehiengo zabal baten errefusa badu ere, indarrean jarraitzen du», eta honek ondorio larriak dakartza senide zein preso politikoentzat», atzo azaldu zutenez, «isolamendu eta bakartzearekin, kolektiboaren sakabanaketa bultzatuta, bidegabeko neurriak erabilita».

Honetaz gain, «biziarteko espetxe zigorra ezartzeko erabakia hartu eta horretarako neurriak aktibatu dituzte espainiar eta frantziar gobernuek azken urteetan», sarri «kondena osorik betearaziz eta zigorra luzatzeko doktrina asmatuz», edo are larriago, «kondena beterik ere, espetxealdiak luzatuz». Biziarteko zigorra ezartzeko neurri horiei gainera, «gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso politikoak ez askatzeko erabakia» gehitzen zaie, modu honetan «heriotza zigorra aplikatuz».

Arrazoi larri guzti hauengatik, ekimenaren bultzatzaileek «Durangoko Azokan muturreko egoeren aurka eta euskal presoen eskubideen alde elkarlana areagotzeko momentua» dela uste dute, konpromisoak hartu eta aurkeztutako ekimenekin bat egiteko unea. Horregatik, «kultur arloko norbanako zein elkarteei, bizi osorako zigorraren aurka, gaixotasun larriak zein sendaezinak dituzten presoen kaleratzearen alde eta euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko ekimenetan parte hartzeko» eskatzen dute.

Abenduaren 5ean, plazara

Parte hartzea hainbat eratara gauza daiteke. Batetik, www.azokatikazkenziegaraino, batetik http: //azokatikazkenziegaraino. blogspot.com atarian dagoen manifestuari atxikimendua agertuta (dagoeneko dozenaka artistak egin dutena), Azokan bertan, bakoitzak bere erakusmahaian presoen eskubideen aldeko pegatina jarrita, eta, batez ere, abenduaren 5ean Durangoko Azokan 12.00etatik 12.30era Landako gunearen aurreko plazan egingo duten elkarretaratzean eta ekitaldian parte hartuta, horretarako salmenta postuak itxita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo