GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Kati Olaizola (*) Arkamurka Natur Elkartea

Kaioen kontrola Zarautzen

Hauxe da, gure ustez, kaioen «arazoa» konpontzeko irtenbidea: itsasertzean habiak jartzeko erabiltzen zituzten eta dituzten lekuak zaintzea eta zabortegia ixtea

Datorren hilean kaioak Urtetako zabortegitik uxatzen saiatuko dira hezitako 8 belatz. Hileko 10.000 euro gastatuko ditu Zarauzko Udalak zeregin honetan 4 bat hilabetean zehar. IKT Nekazal Ikerketa eta Teknologia enpresak egingo du lan honen jarraipena, ondoren Zarautzen kaioek sortzen omen duten arazoa kudeatzeko zein neurri hartu aztertzeko. Honaino administrazio ezberdinek (Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak) hartutako erabakia. Baina, zein arazo sortzen dute kaioek gure herrian?

Duela hilabete inguru, Alejandro Vazquez ingurumen zinegotziak aurkeztu zuen ekimen hori ETB-ko «Pásalo» saioan. Bere hitzetan hauek dira kaioek Zarauzko teilatuetan sortzen dituzten arazoak: usain txarra, zirinen pilaketa, egagropilak, zikinkeria, osasun arazoak (zehaztu ez zituenak, ez baita ez Zarautzen eta ez inon horrelakorik ezagutzen) eta kalte fisikoak teilatuetako egituretan. Hauek guztiak teilatuetan pausatzeagatik eragindako kalteak dira, noski... Baina, zenbatekoak dira kalte hauek dirutan? Telebistako saio hartan zinegotziak zioenez, kaioak beren ingurune naturara, itsasora, bideratu nahi dira belatzen bidez. Kaioentzat Urtetako zabortegia umeentzat litxarreria dendak bezain naturalak dira. Zabortegi hori da Zarautzen hainbeste kaio pilatzearen arrazoia, eta irekita dirauen bitartean kaioek etortzen jarraituko dute. Horregatik kazetariak belatzak kentzean «arazoa» konponduko den galdetu zionean, zinegotziak ezetz erantzun zuen begi bistakoa den erantzuna emanez. Beraz, zertara dator belatzen kontu hau? Ez al litzateke merkeagoa eta probetxugarriagoa teilatu horiek noizean behin garbitzea? 80.000 eurorekin garbiketa ederrak egin daitezke, ezta?

Bada, ordea, kezkagarria den konturik. Benetako arazoa teilatu horiek habiak egiteko leku bilakatzea izan daiteke, eta uda honetan, Zarauzko teilatuetan ikusi dira Mollarrin eraztundutako kaio helduak kumealdi garaian... Adituek ikusi dutenez, bestelako arrazoien arten, berezko lekuetan giza jarduerek eragindako estresak bultzatzen ditu kaioak horretara. Zarautz inguruetan kaioak Getarian eta Malla Arrin egin ohi dituzte habiak, baina aurten Getarian askok huts egin dute eta Malla Arrin ez dute habi bat bera ere atera aurrera. Leku horietan giza jarduerak zorrotz kontrolatzea ezinbestekoa da kaioek habiak egingo badituzte, horrela, teilatuetara joateko tentazioa saihestuz.

Laburtuz, hauxe da, gure ustez, kaioen «arazoarekin» bukatzeko irtenbidea: itsasertzean habiak jartzeko erabiltzen zituzten eta dituzten lekuak zaindu eta zabortegia itxi. Irekita darraien bitartean badira beste hainbat irtenbide: esaterako, teilatuetan pitak jartzea, baina zaratak eta zirina jasaten jarraitu beharko dugu. Baina arazoa al da hori? Hilero 10.000 euro gastatzeko modukoa?

Azken egunetan kaioak gutxitu omen diren zurrumurrua zabaldu da. Belatzen eragina izan dela dabil herrian bolo-bolo, baina, belatzak ez dira hasi lanean oraindik. Honek erakusten du zein fundamentu eskasa duten jendartean zabaltzen diren kontu hauek, eta zenbaterainoko kaltea egiten diogun basabizitzari inolako funtsik ez duten alarma sozial hauekin.

(*) Txingudiko Hegaztien Eraztuntze Elkarteak ere sinatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo