Pello Zabala | eguraldi aditua
Eguraldi koskak
Iazko neguko itzal beltza, zurizko zen arren, oraindik akorduan daukagu. Urtarril hari hobeto zetorkion lehengo izena: ilbeltz izan baitzen, beltzik bat bada. Errege bezperan hasita 19 egunez, zuri-zuri genuen dena 29 cm-ko lodieran harrapatuta. 12 egunetan mara-mara. Otsailak, ordea, arnastu on bat ekarri zigun: hilaren 10etik, behin besterik ez baitzen sartu mendiko lainobera negarti busti hori. Eguraldiaren kosken koxka.
Udaberria euritsu ibili zen eta maiatzeko ilberriak eman zien aro gaiztoei despedida; 7 trumoialdi segidako bota zituen ilberriak, lau orduko tartetan, 30 orduko epean. Fenomeno bitxia da hori, inoizka errepikatzen dakiena, ikasitako eskarmentuz, nonbait. Duela bi urte baino negu belaskagorik, gutxitan. Elur zantzurik batetxo ere gabe, martxoko ilargittikiak kontrako danborrak jo zituen arte. Baita ongi jo ere! San Jose egunez justu, heldu zion, heldu bazion heldu, bere danbor-hots perkusio tematiari. Haiek bai sanjose konpitak! Bi egunez atertu gabe iraun zuen trumoialdi, kazkabiko eta erauntsi: 14 saio, zein baino zein! Neguan falta zirenak hantxe deskargatu zituen, 40 ordutan denak!
Aurten aldiz, maiatzeko 7 trumoialdi haien oihartzunik ere apenas izan dugun gero. Udako bero sano haiek, termometroa 35ºtik gora ibili arren, ez berolaino eta ez dorre-hodei. Txanbolin hodeiak falta, danborra jotzeko. «Txanbolin-hodeiak» deitu baitzien herriko sormen aberatsak. 30etik gora arratsaldetarako bota ziguten ekaitzen pregoia. San Pedro egunekoak kenduta, hurrengo 80 arratsetan 2 besterik ez, ekaitzetarako hain aproposak diren mendialdeotan. Aurtengo eguraldi-mapak gutxitan bezain gaiztoak izan dira ia beti, eta, halere, eguraldia sano-sano. Nongo klimaren koskak ote...? Tximeletatxoren edo tximeletatzarren batek eraginak?... Eguraldiaren aurtengo misterioak, oraindik luzaro nork aztertuko, nork galantagoak esango... eta halaxe espero dut bizi naizeno...