GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Durangon ez bada, non zaude?

Blanca Izkue | Musikagintzako langilea

Durangora joango ote naizen? Bai, bai, nola ez. Eta erosi ere zerbait erosiko dut, noski, egun hauetan erosi beharra dagoelako, ezta? Gure kultura denon artean sustatu behar dugu eta Durango gora eta Durango behera...».

Azken egun hauetan halakoak entzuten zaizkie irratian elkarrizketatzen dituzten dituzten hainbat artistari. Euskaltzaleak Durangoko Azokan ez agertzea igandeetako mezan piper egitearen tankerako bekatua bailitzan. Desobedientzia kulturala edo. Urtean zehar disko eta liburu denda bakar bat ere ez dugu zapalduko, edo argitaletxeen eta diskoetxeen denda birtualetan xentimo bat bera ere ez dugu gastatuko, baina Durangoko Disko eta Liburu Azokan ez agertzea barkaezina omen da euskal kultura maite dutenentzat.

Ez da esan nahi, inolaz ere, Landakotik pasatzen diren guztiak plantak egitera joaten direnik, edota hara joateko motibazio huts aurpegi famatuak ikustea dutenik. Karpako korridoreetan barna badaude, zorionez, kuriositatea asetzera joaten diren irakurle eta musikazale aunitz. Haiei esker, haien erosketei esker zehazki, diskogintzan aritzen direnek argi izpi xume bat ikusiko dute, alegiazko izpiak badira ere. Eta liburuen gremiokoek antzera, oraindik gorriak ikusten ez badituzte ere. Baina azoka erakargarria egiten duen beste osagai hori ere ba omen dago: Durangokoa hitzordu soziala dugula. Famatuen aurpegiak bertatik bertara ikustera joaten direnak, edota norberarena erakustera joaten direnak. Denen iritzia errespetagarria dela, dudarik ez. Denekin ados egon behar dela, aldiz, ez. Eta niri honelako adierazpen arinek halako amorrua sortzen didate.

Kontua ez da kulturak errespetu osoa merezi izateagatik serioa izan behar duela. Inondik ere ez, baina kultura, aisia eta bizitza soziala arras gauza ezberdinak dira nire irudiko. Durangokoari azoka esaten zaio haren hastapenetan merkatu baten babesean gauzatzen zelako, elizako arkupeetatik pasa ondoren, baina agian «azoka» baino «feria» deitzea egokiago litzateke, artista asko Sevillakoan daudela dirudi-eta. Abanikoa besterik ez zaie falta. Eta agintari batzuk ere halako paseillo bat egitera joaten zaizkigu, erakusmahaiei zeharka so egin eta segituan alde. Eskerrak hitzordu honek jende andana batzen duela aprobetxatuz, bestelako ikuskizunaz gozatzeko parada izaten den, eta maila handiko kontzertuak ziurtatuta dauden. Ez dadila dena lana izan. Ez dadila ere egolatren feria soilik izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo