GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Aitorren hizkuntz zaharra...

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktore eta idazlea

Abenduan sartuak gara eta haizeak ekarritako elurrak inguruko mendiak zuritu dituen moduan, kantu zaharrez berotu ditu gure belarri eta bihotz gorriak. Izan ere, hilaren batean, urtea bete zen Mikel Laboak utzi gintuela, eta, hori dela eta, artistaren lagun min eta musikari Iñaki Salvadorrek gidaturiko «Mikel Laboa 180 gradu» ekitaldia izan genuen Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldi honetan, artistaren kantuak errebindikatu nahi izan zituzten, honen abestiak modu desberdin eta berrian entzuteko aukera eman eta Laboaren sendiari Donostiaren Urrezko Domina emanez. Eta hemendik gutxira, Juan Jose Arangurenek maisuaren omenetan eginiko Ikilimikiliklik eskultura ipiniko dute Usurbilgo plazan. Lau plantxaz osaturiko metro eta hogeiko zabalera eta bi eta hiru hogeita hamarreko altuera izango dituen altzairuzko totem moduko honek, argia bilduko du plantxen arteko hutsuneetan, eta argiaz, itxaropenaz ari naizela...

«...Anai-arrebak, entzun ene aho-otsa: izaite bat ez daike hezur hutsez osa; herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza...»

Euskararen Nazioarteko Eguna izan zen atzo eta hori ospatzeko, Mintzodromoa ekimena burutu zen Donostiako Boulevardean. Ekimen honen helburua kaleko euskara bultzatzea izaki, bi ordutan zehar, milaka lagun bildu ziren kafe epelaren inguruan, euskaldun zahar eta berriak komunean gauza bakarra izanik: Aitorren hizkuntz zaharra. Eta euskarari buruz ari naizela, gaur bertan eman zaio hasiera Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 44. edizioari. Izan ere, hilaren 4tik 8ra azken urte honetan euskaraz argitaratu eta kaleratu diren liburu eta disko asko eskuratzea izango dugu bertan, baina ez hori bakarrik, kontzertuez, antzerki emanaldiez, erakusketez, hitzaldiez, poesia irakurketez eta aurtengo gonbidatu berezia den katalanez egindako kulturaz gozatzeko aukera ere izango dugu.

Eta Kataluniatik Quebecera jauzi egingo dut, izan ere, azaroaren 28an hasitako Tolosako 27. Nazioarteko Titirijai Txotxongilo Jaialdia igande honetan amaituko zaigu eta zubi luze honetan kanpora joango ez garenok izango dugu oraindik ere bertako erakusketa eta txotxongilo ikuskizun bikainez gozatzeko aukera. Eta zubi osteko egun tristeak alaitzeko, berriz, Maskarada taldearen azken lanaren estreinaldia izango dugu hilaren 11n Barakaldo antzokian «Souvenir. La peor cantante de la historia». Stephen Temperley-ren obraren moldaketa honek, Florence Foster Jenkins soprano estatubatuarraren bizitza kontatuko digu komedia gazi-gozo baten bidez, non komedia eta patetismoa txanponaren aurpegi bera izango diren. Eta, azkenik, estreinaldi honen ostean, hilaren 13an, azkenean, Andoni Egañaren oinordekoa nor izango den jakingo dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo