Berri txarrak
Pandiani baja izan liteke datozen hiru neurketetarako
Uruguaitarrak ziztada bat sumatu zuen ezker izterraren atzealdean eta oso ezkor azaldu zen: «Ez dut uste hiru asteko geldialditik inork libratuko nauenik».
Asier AIESTARAN
Baliteke Walter Pandiani jokalari uruguaitarra Ligako datozen hiru partidak jokatu ezinik geldi tzea atzoko entrenamenduan min hartu zuela-eta. Osasunako aurrelariak ziztada bat sumatu zuen ezker izterraren atzealdean eta saioa nahi baino lehenago utzi behar izan zuen. Lesioa zenbateraino den larria zehazki gaur egingo zaion erresonantzia magnetikoak erakutsiko duen arren, Pandianik argi utzi zuen jokalari beteranoa dela eta bere gorputza beste inork baino hobeto ezagutzen duela: «Lesio hauek oso arriskutsuak izaten dira, hiru bat aste gutxienez geldi egon beharko dudala iruditzen zait».
Pandianiren usteak betetzen badira, Osasunak bere goleatzaile nagusia zelairatu gabe jokatu beharko lituzke Malagari eta Athletici egin beharreko bisitak, bai eta Mallorcaren aurka etxean izango duen neurketa ere. Kontuan izan behar da, Zaragozaren aurkako azken hitzordua izan ezik, Pandianik hasieratik jokatu dituela Ligako norgehiagoka guztiak eta sei gol sartu dituela orain artean. Jokatu ez zuena, gainera, zigor baten erruz izan zen, Valentziaren aurka bi txartel hori jaso zituelako.
Pandianiren hutsunea, min hartuta dabiltzan Nacho Monreal eta Ludovic Delporten bajei gehitu behar zaie. Eta atzo bertan jakin zen Javier Portillok ere arazoak dituela ezker belaunean eta egun batzuk geldi eman beharko dituela. Azken honen kasua, ordea, bestelakoa da, Camachok ez duelako ia batere erabili denboraldi honetan. Ricardo atezaina, aldiz, erabat sendatu da eta zigorra bete duten Miguel Flaño zein Puñal ere igandean Malagan jokatzeko prest dira.
Egun berezia Callejarentzat
La Rosaledako partida oso berezia izango da Javier Callejarentzat. Hiru denboraldi eman zituen bertan jokalariak, joan den udan Iruñera iritsi aurretik. «Oroitzapen ezin hobeak ditut han bizitako hiru denboraldiez, lagun handiak utzi ditut bertan, eta esperientzia oso polita izan zen. Beti bihotzean eramango dudan taldea da», aitortu zuen madrildarrak.
Callejak jator onartu zuen igandean ez duela hasieratik jokatzeko aukera askorik, batez ere Oier Sanjurjok Zaragozan egindako partida onaren ostean. Esan zuenez, uste baino gehiago kostatzen ari zaio atzealdeko postuetara ohitzea.
Azkenik, atzo eman zuten jakitera Mallorcaren aurkako partida abenduaren 13an, igandean, 17.00etan jokatuko dela.