GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko disko eta liburu azoka

Landakoko tximinia ketan hasteko prest da berriro ere

Aspaldi utzi zuen Durangoko Azokak plaza zaharra atzean, Landako zabalgune ederrean kokatzeko. Landako eraikina bera, ondoko umeen txokoa, Elkartegia, Plateruena eta aurten baita iaz sortu Ahotsenearen karpa ere, dena da egun Durangoko Azoka. Baita herriko kale eta tabernak ere, sanfaustoak bailiran mukuru beteak. Berrogeita laugarren Durangoko Azoka dugu aurtengoa, euskal jendea erromesbidean jarriko duen ezinbesteko hitzordua.

p034_f02_239x160.jpg

A. BILBAO | DURANGO

Aspaldi itzalia den tximinia berriro kea dariola jartzeko moduko kalipua bilduko du bai, gaur hasi eta asteartea bitarte 44. Durangoko Azokak, Landako zabalgune ederra txiki uzterainoko jendetza bilduta. Musulmanak Mekara legez, bertara egiten baitu euskal jendeak abenduan, gure kulturarekin urte osoan sortutako zorrak kitatzera. Izerdi, negar, diosala, solas eta salerosketa frankorako beta emango du hitzorduak, eta entzun edo ikusteko -irakurtzeko bada, hobe- ez ezik, ukitu, usaindu eta dastatzeko gairik ere ez da faltako, «zure eskura dago» eta, eskaintza zabala.

Gero eta irekiagoa den eskaintza zabala, disko eta liburuez gain, bideo, joko eta beste hainbeste egitasmo ukituezin metatzen dituelako Azokak, eta gero eta antolatu edo espezializatuagoa. Salerosketak Landako Gunean, haurrek beraien literatur aretoa aparte dutela, lurrean eroso jarri eta ipuinak irakurri zein entzuteko. Zuzeneko aurkezpenak berriz, haurren ondoan gunea egin duen Ahotsenea karpan, iaz jaio eta dagoeneko koskortua datorrena, zuzen-zuzen sortzailearen ahotik hartzailearen eskura; Elkartegian, ekitaldi ofizialak jasoko dituena -gaurko irekiera kasu- eta Plateruenan, proposamen ozen eta sutsuenak jasoko dituena -Berri Txarrak taldeak agortuak ditu jada sarrerak-.

Lagun berriak egin nahian gainera, katalanak gonbidatu ditu aurten azokak, eta gaur, 19.00etan, Andreu Carranza Tarragonako idazleak botako du irekiera mintzaldia, «Katalunia, birtualtasunaren sorterri». Aurretik baina, ez da zalapartarik faltako Azokan, ikastetxeentzako egun berezia prestatuta, gaztetxo mordoa jasoko baitu, gurasoek betetako poltsikoak agudo arintzeko prest. Eta hauentzako prestatu ekitaldien artean, bat nabarmentzearren, Pirritx, Porrotx eta Marimotots alaiak sinatu eta sinatu jardungo dute, hamaikak aldera, beraien txokoan, Elkartegian hip hop, bertso eta break ekimen berritzaileak diharduen artean.

Aipatutakoez gain, aurkezpen aretoan ez da faltako zer ezagutu, 11.00etan «El euskera en la CAV. Una apuesta por la diversidad linguística» lanarekin hasi eta 19.30ean «Munduaren Bira» filmarekin bukatu arte. Eta eguna indartsu eta saltoka amaitzeko, San Agustin kulturgunean «Mirant al Cel» ematen duten bitartean -Jesus Garayk egin film katalana, Fermin Muguruzaren musika duena-, Betagarri gasteiztar ska taldeak «Bizitzari txistuka» egingo dio aurre Plateruenan.

Baina goazen atzera. Gaur gaztetxoek kultur eskaintzaz lepo aurkitu duten Landako Gunea hutsik baitzen atzo arte, eguerdian ikusi genuenez.

Espero zitekeenaren kontra, abarrots eta estuasun gutxi zen bazkalorduan aretotzarrean, eta inork ez luke sinistuko ondorengo egunetan bertara hurbilduko den jende uholdea jasoko zuela Durangok, argitaletxeetako langileen patxada ikusita. Izan ere, dagoeneko aski ezaguna dute gehienek Landako Gunea -antzeko tokietan dira urtero txokoak-, eta dagoeneko mekanizatuak dituzte prestaketa lanak.

Hutsuneak betetzen

GARA, esaterako, eguerdian bertan heldu zen aretora, kutxak garraiatu, ireki eta egoki kokatzeko prest. Ordurako, batzuk prest eta ondo estalita zituzten erakusmahaiak, edo agerian, salneurri txarteltxo eta guzti. Instituzioek esaterako, bukatuak zituzten prestaketa lan guztiak, eta besteen artean Elkar erraldoia iruditu zitzaigun goiztiarrena, antzinako musika zintetatik E-book berritzaileraino, sekulako eskaintzarekin. Beste batzuk, bestelako erritmoarekin, buru-belarri lanean ari ziren dagoeneko, «Entzun!» aldizkarikoak kutxa irekitzen harrapatu genituen esaterako. Gose hirukoteko Ines eta Iñaki, beraien txokoa gorritu eta eraldatzen -`Do it yourself' moldean- eta Gatuzainekoak kainabera apaingarriz. Gor diskoetxeko lagunak berriz, nafarrek jai dutela aprobetxatuta, atontzeak bukatzear dira.

Eroskik, erakusleiho eta guzti zeukan bere txokoa -eta bertan liburu adina panpin- eta argitaletxe askoren arrastorik ikusi ez genuen arren, haietako askok, dagoeneko pasilloetan pilatuak zituzten kartoi kutxak, Txalapartak esaterako. Bat baino gehiago izango dira gainera, inprentatik Azokarako bidea, bero-bero, zuzenean egingo duten kutxak; liburu edo diskoz beteak badoaz behintzat, Gaztelupeko musikaz aparte ardoa banatzekoa dela entzun baitugu.

Eta hauetaz guztiez gain, agidanez, badira oso bizkor eta praktikoak direnak ere: Igela eta Susako kideen berririk ez, kasu. Bitartean, Plateruenan ez zen bazkaltzeko mahairik libre. On egin!

gaztetxoak

Gaur gaztetxoek hitzordua egina dute Landakon, eta zarata zein algararik ez da faltako. Pirritx eta Porrotx -txikienek- edo Des-Kontrolen -koskortuenek- disko eta liburuez gain (bi mutur aipatzearren), pegatinaz eta egutegiz lepo eramango dute poltsa etxera.

izaera zabala

«Durangoko euskal liburu eta disko azoka» du izena, baina egun disko eta liburuez gain, bideoak, jokoa eta bideojokoak ere ugari dira Landakoko eraikinean, gero eta gehiago gainera, euskaraz zein inguruko erdaretan argitara emanak.

hizkuntza katalana

Euskaldunentzat hurbilekoa izango da aurtengo Ohorezko Gonbidatua, Ramon Llull Institutuak herri katalanen hizkuntza eta kultura ezagutzera emango baitu Durangon, argitalpen, hitzaldi eta zuzeneko ikuskizunen bitartez.

EUSKAL DENDA

Liburu eta Disko Azokarekin zerikusirik ez duen arren, egunotan hamalaugarren Euskal Denda ere jasoko du Durangok, hau da, Iban Gorritik sortu afixaz aurkezten den artisautza azoka. Aurten Juan Unzueta otzaragilea omenduko du, lanbide horretan 75 urte daramatzan durangarra.

Plaza bete zenbakitan: Euskal kulturaren uzta, Durangora begira

Krisialdi ekonomikoak bizi gaituen honetan, euskal sorkuntza ez dago inolaz ere krisian, eta ez sinestekoa izan da azken asteotan bizi izan dugun argitalpen eta aurkezpen kopurua, urtean zehar basamortuan egarritu ostean Durangoko ur oasia oparotasunez hornitzeko.

Astrabuduko Lur Merinok diseinatu afixak iragartzen duen 44. Durangoko Azokak gaur, 10.30ean, ateak ireki eta asteartean 20.00etan itxiko ditu. Saltoki erraldoiak 156 parte hartzaile ditu, eta horietatik hamalau eskari berriak dira. Standei dagokienez, guztira 279 metatuko dira Landako Guneko Goienkale, Artekale eta Barrenkalen, eta hamasei gainera teknologia berriei eskainitakoak omen dira. Erosleari begira, honek aukeran 459 nobedade izango dituela esan nahi du -iazko antzera-. Sailkapena errazteko, ia bostehun horietatik 308 liburuak eta 69 diskoak dira -beti ere nobedadeez ari gara. Gainera, oraindik ere emakume sortzaileak baztertuta daudela iritzita, argitaletxeak erakusmahaietan emakumeek sorturiko lanak nabarmentzera gonbidatu zituen atzo Euskal Herriko Bilgune Feministak agiri batean. Gainerako sailkapenekin jarraituta, aldizkariak 23 izango dira, bideoak 16, CD-rom-ak 8 eta gainerakoak auskalo.

Bestalde, EuskoTrenek atzo jakinarazi zuenez, tren zerbitzu berezia jarriko du Azoka dela-eta, gaurtik igandera arte, Donostia-Bilbo trenbidean eta gauez -22.30etik 06.00etara- , Elgoibar (larunbatean Debaraino) eta Atxuri artean.A. B.

sortu eta eman

Liburuak eta diskoak saltzeaz gain, artistek beraien sorkuntza zuzenean agertzeko aukera franko izango dute, izan Elkarguneko aurkezpen, haur literatura aretoko ipuin kontatze, Ahotseneako saio zein Plateruena aretoko kontzertu indartsuetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo