GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Ziegetako paperak plazan haizatuko ditu «Ataramiñe» literatur kaierak

2001ean sortu zutenetik, azken alea ateratzeko irrika du «Ataramiñe» literatur aldizkariak, itzalpean gatibu dauden Euskal Herriko errepresaliatu politikoen lanak biltzen ditu-eta. Izan ere, presoak dauden bitartean «Ataramiñe» argitaratzen jarraitzeko asmoa dute arduradunek. Aurtengo aleak, hogeita bi lumaren emaitza dakar, ipuin, olerki eta marrazkiak tarteko, ziegetako gordintasunetik ihesi eta askatasuna amets, Azokan berotasuna aurkituko dutenak.

A. B. | BILBO

Aurten ere azkena izan nahi duen «Ataramiñe»k argi du preso dagoenarentzat, kanpokoekiko zubi lan garrantzitsua egiten duela, 2001ean sortu zenetik hona. Horregatik, urtero-urtero plazaratuko da aurrerantzean ere, errepresaliatu politikoak etxean aske izan arte.

«Ataramiñe» aldizkaria talde lan zabal baten emaitza da, gatibu daudenen idazlanak herritarrei helarazteko sortua. Eta aurten, esaterako, hogeita bi lagunen lanak aurkezten baditu ere, askoz gehiago dira bertan parte hartu dutenak. Izan ere, ezohiko argitalpena izanda, ezohiko arazoei aurre egin behar izaten dio plazara heldu aitzin.

Atzoko aurkezpenean Zaloa Basabek eta Mikel Sarasketak hitz egin zuten lanak bildu dituztenen izenean. Beraien esanetan, «elkarlanean gainditzen dira zailtasunak».

Basabek azaldu zuenez, «Ataramiñe» abian jartzeko prozesuan zazpiehun bat gutun idatzi zituzten kartzeletara, «nahiz eta gehienak ez ziren heldu» -Sarasketak puntu honetan egunotan ere presoek dituzten arazo larriak gogorarazi zizkigun, «gutun trukeak egin edo aurrez aurre bisitak egiteko orduan lan asko bidean gelditzen dira»-. Baina lagun eta senideen bitartez proposamena jaso, eta ziegetan sortutako idazlanak biltzeari ekin zioten gero, sarri «oso modu hunkigarrian».

Behin lan guztiak bilduta, emaitza Azokan izango da eskuragarri, «kartzeletako literatur lanek interesa sortzen baitute gizartean, eta honakoak presoen adierazpideak baitira».

Itzaletik argitara

Atzoko aurkezpenean, Basabe eta Sarasketarekin batera, Bortxa Urberuaga eta Amaia Urizarrek parte hartu zuten, «Ataramiñe»n parte hartutakoak baitira biak.

Itzaletik atera arteko minak arintzen ditu «Ataramiñe» literatur kaierak

Aurtengo «Ataramiñe» aurkezteko ekitaldian Bortxa Urberuagak eta Amaia Urizarrek parte hartu zuten, barruko kideen idazlanak ahotan hartuta. Bortxak komiki lanak burutu ditu aurtengo «Ataramiñe»n, eta kide baten kartzelako isolamendu kantuak irakurri zituen. Urizar, berriz, orain arte plazaratu diren kaiera guztietan parte hartutakoa da, eta Naiara Mallabiaren olerki bat eman zuen atzo. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo