GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Hikaz aritzea guztion eskura, Ritxi Lizartzaren «Mintza hadi, lagun!» liburuarekin

p050_f02_97x106.jpg

GARA | DONOSTIA

Hikaz hitz egiten ikasteko ez da beharrezko izango euskaltegietan propio sortutako ikastaro batera joatea. Ritxi Lizartzak aukera hau interesa duen orori zabaltzeko asmoz, hitanoa ikasteko liburu bat argitaratu berri du. Egileak azaldu duenez, «aurreiritziak alde batera utzita» hikaz erraz egiten ikasteko eskuliburua da Durangoko Disko eta Liburu Azokarekin bat aurkeztu den hau.

Ritxi Lizartzak azken hamar urteetan hitanoa irakatsiz bildu duen esperientzia hartu du lan hau kaleratzeko oinarri. Azalpenez gain, bibliografia zabaletik ateratako adibideak, ariketa ugari eta abestiak ere bildu ditu bertan. Horrez gain, hainbat liburutako pasarteak, eta antzezlan eta film zatiak ere aurkituko ditu irakurleak liburuan. «Ez izan teoriaren beldur, batez ere praktikoa baita eskuliburua», azaldu dute arduradunek.

Beste era batean irakasteko asmoz, liburuarekin batera DVD bat eta ariketen erantzunak dakartzan liburuxka eskuratu ahal izango du erosleak. Hamaika erraztasun, jendea hitanoa ikastera bultzatze aldera.

Durangon bi stand-etan izango da liburua eskuratzeko aukera. Batetik, GARAren erakusmahaian -Barrenkale 7, 8 eta 9- eta, bestetik, Mara-Mara-ren standean -Artekale 72-.

Estreinako eskuliburua

Eskuliburua plazaratu dutenek nabarmendu dutenez, hika egiten ikasteko lehen eskuliburua da. Orain arte, hika egiteko modua gramatika orokorren barruan aurki zitekeen, baina hau da hitanoa ikasteko lehendabiziko eskuliburu. Hori dela eta, ez da soilik hikaz hitz egiten ez dakitenei zuzendutakoa; badakitenak ere harritzeko gaitasuna badu Ritxi Lizartzaren lan honek.

Salneurriari dagokionez, 30 eurotan eros daiteke liburu osoa eta GARAk honen laburpen bat ere eskainiko du 7,95 eurotan. Bertan, hitanoaren inguruko azalpen teoriko eta praktikoak aurki daitezke eta, gainera, proposamen bat ere luzatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo