GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Guztion aurkako erasoa izan da eta batera erantzun behar diogu»

p011_f0158340.jpg

Gotzon Elizburu
Gazte topaketetako eleduna

Azken urtean buru-belarri ibili da Gotzon Elizburu, Soraluzeko gaztea, hainbat erakunde edo taldetan jarduten duten gazteak Zestoako topaketa bateratuetan biltzeko lanean. Gazte mugimendu bateratuaren asmo eta helburuen berri eman dio Elizburuk GARAri.

Zestoan egin zituzten, azaroaren amaieran, Euskal Herriko hainbat gazte eragile bildu zituen Gazte Mugimenduaren Topaketak. Hala ere, aurreko asteko sarekadak erabat baldintzatu zuen hausnarketarako antolatutako asteburua. Handik atera zen gaur Durangon manifestazio bateratua egiteko asmoa.

Zein izan zen Zestoako Topaketak antolatzeko arrazoia?

Euskal Herriko gazte mugimendua hainbat eremutan antolatzen da, bai hezkuntzan, aisialdian, kulturan, musikan, komu- nikazio proiektuetan eta abar. Ikusten genuena da bakoitza bere aldetik doala eta elkarren arteko lotura falta dela. Baina, ikusten genuen ere badagoela eremu guztiak batzen dituen gauza komun bat: sistema kapitalista patriarkal honen aurkako jarrera.

Hortik hasi zen ideia, eta ikusi genuen behar bat bazegoela gazte mugimendu guztia bilduta sistemaren aurrean jardun eta alternatibak eraikitzeko.

Nolakoa izan da Topaketetara iristeko egin duzuen bidea?

Aurrez, herriz herri eta arloz arlo lanketa eginda. Berez, topaketen kontu honekin duela urtebete hasi ginen, hainbat ere- mutako eragile ugarirekin. Egin duguna da gutxieneko edukian finkatu, eta sistema patriarkal honek nola suntsitzen gaituen aztertu. Lau zapalkuntza nagusi bereizi ditugu: patriarkatuaren zapalkuntza, Ama Lurraren zapalkuntza, nazio zapalkuntza eta gazteon zapalkuntza. Herrietan eta arloka, horren gaineko eztabaidak egiten ari ziren, teoria hori egunerokotasunean ikusteko.

Hortik, Euskal Herriko gazte mugimendu guztia biltzeko Topaketetara iritsi ginen, Zestoara. Azkenean, lehengo asteko sarekadak erabat baldintzatu ditu Topaketak. Hala ere, balorazio positiboa egiten dugu.

Nolakoa izan da gazteek mugimenduaren aurkako sarekadaren aurrean agertutako jarrera?

Zerbait egiteko beharra ikusten genuen, ezinbestean. Topaketetan sarekada honek bere lekua izan du. Ikusi duguna da sistema honen aurka antolatzen denak eta alternatibak eraikitzen jarduten duenak mehatxua daukala: errepresioa.

Eztabaidetan hitz egin dugu errepresioaz, eta aztertu dugu sarekada zeren ondorio den, zeri eragiten dion, eta nola erantzun behar zaion ere bai. Horregatik, gazte mugimenduko sektore guztiek batera erantzuteko beharra dute.

Topaketa hauen helburuetako bat etorkizunera begira urratsak finkatzea zen...

Egia esan, aurreko astearteko sarekadak gogoetarako tarte gutxi utzi digu Topaketetan. Hala ere, epe motzera erabaki duguna izan da gazte mugimenduak eraso honi bateratuta erantzutea. Beraz, gaur manifestazioa egingo dugu Durangon.

Eta epe luzera?

Topaketetan, larunbat arratsaldean alternatiba berriak eraikitzeko tresnak aztertzeko asmoa genuen, baina, Bilboko manifestazioa zela-eta hanka motz geratu zen. Horregatik, epe luzera begira ziur asko Zestoakoaren pareko topaketak antolatuko dira, beste geltoki bat. Ildo honetan lanean jarraitzea da asmoa, filosofia berriarekin. Hala, Zestoako Topaketak hasiera besterik ez dira izan, filosofia berri baten hasiera eta dinamika berri baten hasiera, eta luzera jarraipena izango du honek.

Birritan aipatu duzu «lanerako filosofia eta dinamika berria». Zertan datza?

Filosofia aldaketa izan da lan estiloan edo lanerako jarreran. Gazte mugimendua arlo askotan antolatzen da, eta lehen esan bezala, horiek guztiak biltzea da gure asmoa. Adibidez, Soraluzeko Gazte Asanbladan dagoen kide batek ez daki Soraluzeko institutuko Ikasle Abertzaleak (IA) erakundea zertan dabilen. Haustura handia dago, eta elkarlanean jardutea da gure filosofia berria. Horrek ez du esan nahi beste `txiringito' bat sortu behar denik, baina, nolabait elkarlanean jardun beharra daukagu.

Zer aldarrikatuko duzue Durangon?

Gazte mugimendua hemen dagoela erakutsiko dugu. Edozein sarekada, edozein eraso dela ere, hemen jarraitzen dugu; herrietan txertatuta dagoelako eta herrietan ari delako egunero lanean alternatibak eraikitzen. Bestalde, Topaketetan ateratako ondorio hori praktikara eramango dugu, batera ekitearena.

Azken sarekadarekin, beste behin ere Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoak urratzen direla erakutsi dute. Gazte mugimenduak zilegitasun osoa du bere proiektua aurrera eramateko eta alternatibak eraikitzeko. Logika horretan, sistema kapitalistaren, eta nola ez, azken sarekada honen aurka dagoen edozein gaztek Durangoko manifestaziora joan beharko luke.

Hainbat eragilek manifestu bat adostu duzue...

Manifestua adostu eta gizartera zabaldu nahi dugu, kolektiboek eta jendeak babesa emateko. Atxikimendua emateaz gain, konpromisoa hartzea ere nahi dugu.

Manifestua sinatu dutenen artean daude Ikasle Abertzaleak, MusikHerria, Gaztesarea, Kamaradak, EHGAM, herri ugaritako gazte asanbladak...

 

FILOSOFIA BERRIA

«Haustura handia dago gazte eragileen artean. Guztiok batera lan egitean datza martxan jarri dugun filosofia berria»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo