GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko Azoka

«Nire gorroto guztia jarri dut nobela hau idazteko orduan»

p050_f02_97x156.jpg

Itxaro Borda

«Ezer gabe hobe» (susa)

Munduari begira jarri da Itxaro Borda «Ezer gabe hobe» (Susa) eleberriarekin. Munduan gertatzen ari denaren lekukotza bildu du, migrazioak, politika ekonomikoak eta indar neoliberalak aintzat hartuta. Ikuspegia, bada, positiboa dela dio, gutxietsitako taldeek noizbait irabazi behar dutelako inoiz gainditu ez duten borroka. Bide horretara daramaten gakoez ere hausnartu du idazle lapurtarrak.

Ariane KAMIO | DURANGO

Nobela politikoa da, migrazio kontuez ere idatzi duzu. Zerk bultzatu zaitu gai horiei buruz aritzera?

Azken hiru urteetan munduko hainbat lekutan ibili naiz bidaian eta gai hori beti etorri izan zait begiperat, solasperat, eta pentsatzeperat ere. Bai Mexikon, bai Estatu espainoleko hegoaldean, bai Euskal Herrian, muga gune batean gaude eta badira beti aferak. Lehen kontrabandistak baziren, eta gehienbat horrek bultzatu nau pixka bat nobela horren idaztera.

Pertsonaia nagusiak fikziozkoak dira, baina errealitatetik edaten du halaber.

Fikzioa da eta fikzioa baino gehiago halako fikzio naif bat da. Infernua pentsamendu onez betea da eta nobela hau pixka bat ere halako zerbait da. Pertsonaiak genero gabeak dira, nortasun gabeak, izenak ere greziar alfabetotik hartuak dira, baina, era berean, fikzioa dena, liburu guztian gogoetatzen da mundu minimal baten xedea, edo lehia zerekin egin, lur honetako bizidun guztien arteko hari bat nola osatu.

Sigmak fikziozko bi muga pasa beharko ditu; bata Afrikatik Europaranzkoa eta bestea Hego Ameriketatik Ipar Ameriketara doana. Zergatik bi lokalizazio horiek eta ez, adibidez, Europa barneko migrazioak?

Guztiak batean dira, nobela globalizante bat da, migrazioak eta politika ekonomikoak bezala. Nire ustez bi ardatz nagusi dira: Afrikatik Europarat eta Hego Ameriketatik Ipar Ameriketara, Kanadaraino. Bi ardatz horien inguruan egiten da nobela. Alde horretatik aski erabilgarria zen fikzio mailan errealitate jakin baten kontatzeko.

Lokalizazioak lokalizazio, azkenean munduari begirada bat eman nahi diozu. Nola ikusten du Itxaro Bordak munduaren egoera?

Egoera alde batetik ikusten dut oso tristea eta etsigarria. Eta, bestetik, iduritzen zait alde guztietarik bizitza jazarpenak badirela, oraindik zapalduak, batzuetan ateratzea lortzen dute, baina noizbait dute irabaziko. Mundua mundu denetik, jende, talde gutxietsien indarrak du gainditu beste gizon jarrien boterea.

Neoliberalismoaren akatsak edo gabeziak azaleratzen ere aritu zara.

Ez dira akatsak, baina bai egiten diet kritika, eta nire gorroto guztia jarri dut nobela hau idazteko orduan. Neoliberalismoari buruz eta bereziki Estatu frantsesean gertatzen ari den izu neoliberal horri buruz. Batzuetan behar izan dut nire burua kontrolatu, gehiegi ere ez idazteko.

Norbanakoak badu erantzukizunik, zereginik egoera honi aurre egiteko?

Dena egina da neoliberalismoaren sisteman, norbanakoak eraginik ez ukaiteko. Alta, sentiarazten zaiolarik norbanako gisa eragin handia duela batez ere kontsumoaren kontuetan. Baina uste dut baduela zereginik, batez ere gogoetatzekoa gertatzen ari denari buruz, eta beharbada elkartasun eta lotura berri bat asmatzekoa jendeen artean.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo