GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Presoen senide eta lagunei miaketak

«Semearekin dugun harreman zuzen bakarra lapurtu digute»

Xantaia, umilazioa, duintasuna galaraztea helburu dutelako, euskal preso politikoen senide eta lagunek ez dituzte onartzen espetxeetako funtzionarioek egin nahi dizkieten miaketak. Hori dela-eta, aurrez aurreko ehunka bisita bertan behera geratu dira asteotan eta jazotakoaren testigantza eman zuten atzo, euskal gizarteak jakin dezan.

p012_f01_199x108.jpg

Manex ALTUNA

Euskal preso politikoen senide eta lagunak «larritasun» eta «kezka» handia azaldu dute, azaroan zehar Estatu espainoleko espetxeetan gertatu dena ikusita. Izan ere, ehunka aurrez aurreko bisita galdu dituzte «katxeo» edo miaketei uko egiteagatik.

Gertaera larriak izan direla azaldu zuten, adibidez, Soto del Realen umeak negar malko artean bortizki katxeatu zituztenean, edo Foncalenten, miaketa egiteaz Guardia Zibila arduratuko zela esanez mehatxatu zutenean Agurtzane Izarza preso politikoaren bikotea.

Bizitakoaren testigantza eman zuten atzo euskal preso politikoen senideek Bilbon egindako agerraldian. Orain dela hiru aste Picassent-eko kartzelan eragindako «umilazio» eta «tratu diskriminatzailea» azaldu zuen Jose Cruz Coto, Egoitz Coto presoaren aitak. «Gure semearekin harreman zuzena izateko dugun une bakarra lapurtu ziguten, eta dirudienez lapurtzen jarraitu nahi digute», salatu zuen.

Coto eta bere emazteak 750 kilometro egin zituzten, semea ikusteko hilean behin izaten duten aurrez aurrekoa egiteko, baina kartzelan, itxaroten zeudela, miaketa fisikoa egin ezean ezin izango zutela sartu esan zieten. «Hori esaten zuen agindua erakusteko eskatu genien, baina ez zuten egin, eta salaketa jarri genuen Valentziako epaitegian, gure eskubideak urratzen ari zirelako», azaldu zuen.

Argitu zuenez, gainerako preso sozialen senide eta lagunei ez zieten inolako miaketarik egin, eta horregatik, euskal preso politikoei beren senide eta lagunen bitartez «xantaia afektiboa» egiteko neurria dela adierazi zuen. «Sistematikoki min egitea bilatzen dute abantaila politikoak erdiesteko, baina argi izan behar dute ez dutela lortuko».

Lucia Mailo, Mikel Lizarribar preso bilbotarraren amak, bere semeari gertatutakoa salatu zuen komunikabideen aurrean. Joan den azaroaren 9an, Lizarribarrek bere neskalagunarekin zeukan aurrez aurrekoa ezin izan zuela egin azaldu zuen.

Santutxuko presoak funtzionarioei galdetu zien zergatik gelditu zen bertan behera aurrez aurrekoa, baina ez zioten erantzunik eman, eta isolamenduko ziega batean sartu zuten. Mailok azaldu zuenez, hurrengo egunean telefonotik deitu zuen irainak, miaketak eta bultzakadak jasan zituela esanez.

«Lasai egoteko esaten zidan, ez ziotelako jo, baina salatu beharra dago euskal preso politikoen kontra denak balio duela, eta dirudienez berdin da zer egiten dieten. Gaur bultzakada bat baino ez da izan, baina nork daki zer gerta litekeen bihar, kontrolik ez duten pertsonen eskuetan baitaude gure seme-alabak», esan zuen Mailok.

Iñaki Peña preso bilbotarraren aita atxilotua izan zen, orain aste batzuk, Curtiseko kartzelan, miaketari uko egiteagatik. Egun hartan ezin izan zuen semearekin egon, eta hurrengo astean berdina gertatu zitzaien. Olga Gonzalezek, Peñaren amak, bere semeari egin zioten «presio psikologikoaren» berri eman zuen. Izan ere, bere senideak ez zirela kartzelara heldu esan zioten, «istripu bat izan genuela pentsaraziz».

Eskubideak errespetatu

Etxerateko kide Natxi Aranburuk eta Ohiane Ozamizek miaketekin «duintasuna zapuztu» eta «umilazioa» eragin nahi dutela salatu zuten. Estrategia errepresibo orokor baten ildoan kokatu zuten, eta nabarmendu zutenez presoak «suntsitzea eta birrintzea» bilatzen du «inguru sozial eta afektiboarekin duten komunikazioa zangotrabatuz».

Halakorik ez dutela onartuko adierazi zuten. «Euskal jendarteak jakin beharra du badirela zuzenean gure eskubideak urratzea ekiditen duten tresna elektronikoak, `erraketa' edo `arkua' besteak beste, eta orain arte erabiliak izan direnak inolako arazorik gabe», azaldu zuen Aranburuk.

Etxerateko kideek nabarmendu zuten gertaera hauen aurrean ezin direla «geldirik egon» eta «ate guztiak ikutzeko» prest daudela, euskal preso politikoen eta beren senide eta lagunen «eskubide guztiak» errespetatuak izan arte. Ostegunean EAEko Ararteko Iñigo Lamarkarekin izandako bilera jarri zuten adibidetzat, eta Euskal Herriko zein atzerriko eragile sozial, sindikal, politiko eta norbanakoekin batzeko asmoa dutela esan zuten.

«Gure eskubideak eta presoenak errespetatu beharrekoak dira, eta hori lortu arte, salaketa etengabea izango da», nabarmendu zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo