GARA > Idatzia > Kultura

kronika | Irekiera jardunaldia

Kultur zale, ongi etorri eta «benvingut» 44. Euskal Liburu eta Disko Azokara

Telebista eta guzti. Horrela aurkeztu zitzaigun atzo, ireki bezain pronto, Durangoko Azoka, ohitura denez, ikastetxeetako gaztetxoei eskaini eguna berreskuratuta.

p044_f03_140x200.jpg

Anartz BILBAO

Ireki ditu ateak 44. edizioak Landako Gunean. Betiko Azoka da bai, horrela sentitzen dugu, baina urtero-urtero dauka berritasunen bat eleizpean sortu zen kultura erakusleihoak, eta aurten, aurrenekoz, Azoka Telebistak egin digu ongietorria, Azoka eremuan jarritako pantaila erraldoietan elkarrizketa eta bestez. Gainera, Hamaika Telebista eta ETB3 kateetan ere emango du Durangoko hitzorduaren berri Azoka Telebista sortu berriak, detailerik ere gal ez dezagun.

Baina bada gurean detailerik ez galtzeko telebistaren beharrik ez duenik ere, Azoka noiz irekiko zain, Landako Guneko atari aurrean pilatu ziren ehunka gaztetxoak, esaterako. Atzo ikastetxeetako haur eta gazteak ziren-eta protagonista. Akaso horregatik, 44. edizioak hip hop doinuz egin zien harrera, gurean ere gogor jotzen baitu rap musikak. Eta euskaldunak errima eta kantuan trebetasuna aspaldi frogatua duenez, Aritz Sound Systemek gidatuta, hip hop doinuak break dantzaz eta bertsoz laguntzen dute Iñaki Viñaspre eta Xabier Silveirak Rufo beat box-a.

Modu horretan murgildu gara dagoeneko Azokan. Gaurtik aurrera zurrunbiloa sortuko zain, lasai doa ostirala, jende metaketa handiegirik gabe, eta iaz lau egunetan lortu legez, saltzaileen aldetik ditxosozko krisiari aurre egiteko esperantzara kondenatuak. Eta gaurtik aurrera aurpegi ezagun gehiago ikusiko ditugun arren, atzo ere baziren batzuk. Goizean aurkezpena izan zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsez gain, autoekoizpenera jo eta derrigorra dutenak batzuk, Fermin Muguruza edo Eñaut Elorrieta esaterako, edo Des-Kontrol taldea bere osotasunean, Euskaltzaindiko zenbait kide, lehendakaria tartean, edo Xamar idazle nafarra, denak ez aipatzearren.

Lagun kataluniarra

Aurten kataluniar kultura dugu gonbidatu nagusia, eta bertan dira Ramon Llull Institut-eko lagunak. Landako Gunea bere martxan doan bitartean, bertako zuzendari Josep Bargallo «gustura» agertu da Durangora hurbiltzeko gonbita jasotzeaz, «katalan kultura jagon eta zabaltzea» helburu duen elkartearen izenean, kultura batek, existitzeko, «ingurukoen onarpena behar baitu», bere esanetan.

Lagun katalanari ongietorria eginda, Andreu Carranza idazlea, besteak beste -eta Esteban Martinekin batera- «Clave Gaudi» liburuaren egilea, izan genuen irekiera hitzaldia ematearen arduraduna. Carranzak «Katalunia, birtualtasunaren sorterri» izenburupean prestatu zuen idatziak liburuen etorkizunaz galdetzen du. Bere esanetan, «puri-purian dagoen gaia da egun, kultura munduan orokorrean eta literaturan bereziki». Eta agian publikoarengana heldu ez bada ere, «bolo-boloka dabil liburuen etorkizuna eta E-book delakoaren etorrera edo garapena» idazle eta editoreen artean, Carranzaren ustetan.

Gaia kataluniarren ikuspegitik landu du Carranzak, «bertakoa naizelako». Gure kulturek, bizirik irautea ez dute Estatuan oinarritu, belaunaldien arteko transmisio naturalean baino, «indartsuagoa gertatu dena».

Ezberdintasuna du maite Carranzak, eta gure kulturak dira gizateriari eskaintzen diogun altxorra, «basoan landaredia aberastasuna ederra den bezala». Bide horretan eta Internet ahotan hartuta, «uniformitateak beldurra ematen dit eta bide horizontalak behar ditugu» dio, «gureak bezalako proposamen txikiek sare infinitua aberastu dezaten, gure izatea eta kultur ezberdin hori eskainita».

Katalan eta euskal kulturek elkarri begirune eta onarpen handia dieten arren, «ezagupena pobre samarra da», onartu digu Carranzak, «agian indartsuei interesatzen ez zaielako, tartean Estatuek interes handiak baitituzte». Eta ezagupen horretan aurrera egin eta zubiak eraikitzeko, -ez baitago euskara eta katalanaren arteko itzulpen lan handirik-, Azokak baliatzea «primeran dago, horren irekia dugun etorkizunerako, zabaldu beharra baitugu, ez desagertzeko».

Carranza agurtu eta konturatu ordurako ateak ixteko ordua iritsi zitzaion Azokari, oraindik San Agustin kulturgunean «Mirant al Cel» filmaren emanaldia eta Plateruenan Betagarriren zuzenekoa falta zirela. Gasteiztarrek «Bizitzari txistuka» aurkeztu zuten, eta laurehun zale inguru bildu zituzten Durangoko festa apartekoan.

Ahotsak azokaratu

Dagoeneko ezaguna dugun Ahotsenea ekimenak -bigarren urtea du Azokan- gaur ekingo dio aurtengo bideari, karpa propioa lortu ostean, haurrenaren aldamenean. Bertan izango dira goizetik, 11.30ean hasita, Karmele Igartua, Igor Estankona, Pirritx eta Porrotx, Yolanda Arrieta eta Leire Urbeltz sortzaileak lehenengo, eta Iker Goienaga, Karmele Jaio, Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutia, Bide Ertzean, Unai Elorriaga, Kemen Lertxundi, Juan Kruz Igerabide zein Fermin Etxegoien eta Hasier Etxeberria gero, arratsaldeko solasaldi eta zuzenekoetan.

Ez da baina Ahotsenekoa eguneko ekimen bakarra izango, egunero-egunero oparoa baita Azokaren egitaraua. Atzetik aurrera hasi eta Des-Kontrolen Plateruenako kontzertua aparte utzita, Argizaiola sarien banaketak itxiko du jarduna, euskaraz irakatsi zuten lehenengo andereñoak omenduta. Jason Eipstein estatubatuar editore sonatuak hitzaldia emango du Elkartegian, eta ikuskizunen zerrenda amaitzeko, CircBover kaleko zirkua izango da goizez eta arratsaldez Andra Mari elizpean, eta Joan Margariten olerki saioa berriz Elkartegian, Itxaro Borda eta Leire Bilbao poeten partaidetzarekin.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo