GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Oihana Llorente Periodista

Antifaza erantzi eta feminismoan jantzi

Egun hauetan ehunka emakumek Granada izan dute topaleku eta eztabaidagune bertan izan diren Estatu espainoleko Jardunaldi Feministetan. Sentsibilitate, ikuspegi eta nazio anitzetako herritarrek bat egin dute kontrajarriak diruditen kulturak adiskidetzen diren paraje ederrean. Alderdi askotan zerikusirik ez zuten pertsonak bildu arren, muinean badute lotura, argia gainera: emakume izate soilagatik diskriminatuak izatea eta horren jabe izatea.

Bateragarriak ez diruditen jarrerak ikusi dira eta askorentzat ulergarriak ere ez diren mila kontzeptu eta joerarekin egin dute lan. Prostituzioaren eztabaidak hautsak harrotu ditu eta beste makina bat gaitan adostasuna ere urruti egon da; partaide gehienentzat ordea, esperientzia aberasgarria izan da.

1979an Granadan bertan egindako lehen topaketa haietako emakume borrokalari asko han ziren aurtengoan ere, oraindik nekagaitz. Alta, erakundeek inposatzen duten itxurazko berdintasunak herritar guztiak bereganatu ez dituela ikusarazi da jardunaldi hauetan. Izan ere, belaunaldi berri andana zegoen han, antifaza kendu eta emakumearen zapalketa argi ikusi dute haiek, haren kontra altxatzeraino. Esperientziatik jan eta gazteriaren ilusiotik edan dute bertan, feminismoa gaurkotuz eta geroan izango diren erronkei aurrez begiratuz.

Granada, ordea, ez da feminismoaren bidaiak egunotan izango duen geltoki bakarra. Ez behintzat euskal emakumeentzat. Etzi Euskal Herriko emakumeek hitzordua dute Tolosan, 2001. urtean Leitzan hartutako bideari segida eta bulkada emateko asmotan. Euskal Herria eraldatzeko hautua hartu zen orduan, baina hori nola egikaritzen den aztertu nahi da orain, identitateak eztabaidagai jarriz Emakume Abertzaleen IV. Topaketa Feministetan. Emakumeek sentitzen, pentsatzen eta bizi dutena erantzi eta biluzgorritasun horretatik abiatuko da Tolosan identitateen jantzia josteko lana, beharrezkoak diren kolorea eta formak hautatu ondoren. Finean, geure burua eta Euskal Herria feminismoan janzteko parada izango da Tolosakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo