GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Aurrekontu neoliberal eta espainolak, prest

Patxi Lopezen Gobernuaren 2010eko aurrekontu egitasmoak bere lehenengo oztopoa edo, hobeto esateko, lehenengo betebeharra gainditu zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrean. PSE, PP eta UPyDren botoek atzera bota zituzten Aralar, EA eta EBren osoko zuzenketak, eta EAJ abstenitu egin zen. Ez zen ezustekorik izan beraz: aurrekontuak hitzartu zituztenen arabera, krisiari aurre egiteko aurrekontuak dira, Ekonomia sailburuaren hitzetan, «sozialagoak», haien kontra azaldu direnek diotenaren guztiz alderantzizkoa, hain zuzen. Patxi Lopezek PPren laguntzarekin gobernua eratzeko asmoa iragarri zuen une berean hainbat lagun harritu zen, Madrilen gatazka etengabearen iturburu diren gaiei nola helduko zieten ulertu gabe. Ikusi dutenez, oso erraz, Madrilen antzezten duten ezkerra/eskuina dialektikak Euskal Herrian ez baitu eraginik alderdi horien jokaeran. Bestelako dialektika dago hemen indarrean eta, hori bai, aurrekontuetan islatuta agertu da, Lakuako Gobernuaren ibilbide osoan bezala. Hartara, zalantzarik gabe hilaren 23an Gasteizko Legebiltzarrak onartuko dituen aurrekontuek betiko herritarrak kaltetuko dituzte, besteak beste behartsuenak, eta gainera Hego Euskal Herria espainol bihurtzeko helburuaren zerbitzukoak dira. Hala ere, EAJ «egonkortasunaren» izenean, abstenitu egin zen. «Arduratsu» jokatzeko modu bitxia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo