Aloña GALARRAGA I Almitza Sega Elkarteko idazkaria
Euskal kirolariak nazioartean
1996. urteaz geroztik, Europako lurralde askotan, urterik huts egin gabe dihardugu lehiatzen Euskal Herriko segalariok. Europako hainbat segalari ere urtero lehiatzen dira Euskal Herrian, Almitza Sega Elkartearen eskutik.
Europako segalaritzan, federazioen egitura edo formaturik ez badago ere, sega elkarte, klub, nekazari gazteen elkarte, udalerri eta abar, finean, mota anitzeko egitura eta antola moldeekin egiten dugu topo gehienetan. Azken urte hauetan, Euskal Herriko segalari ia denak lehiatu dira.
Hego Tirol, Alemania, Suitza, Finlandia, Austria, Eslovenia, Okzitania, Katalunia...
Kirol emaitzen lorpenei dagokienez, lehen postuetan inoiz eta atze samar kokatzea ere beste batzuetan tokatu izan zaigu.
Baina ondorio garbi bat atera dugu beti eta eskarmentu hori adierazi nahi dugu.
Gu, euskal kirolari eta euskal herritar moduan eman gara ezagutzera beti eta normaltasun eta ofizialtasun osoz jaso dugu aitortza hori lekuan lekuko antolatzaile, agintari politiko, kazetari eta abarrengandik eta, nola ez, adiskidetza eta ezagutza egin dugun milaka eta milaka europarrengandik ere.
Jakin badakigu guk ez dugula futbolari, saskibaloi jokalari, txirrindulari eta abarrek duten entitate eta ezagutza mediatikorik. Geure txikian ere, gure jarduera hor dago eta gure kirolak eta herri honek merezi dutelako hortxe izango gaituzue beti gure besakada belar jartzeko prest, meta edo zuhatza osatze aldera.
Azkenik, aitortzen dugu, dakiguna prentsaren bidez bakarrik jakinik ere, Euskal Selekzioaren aldeko ekitaldiekin eta Euskal Herria oinarri hartzen duten egituraketaren ezaugarriekin bat egiten dugula.