Beñi AGIRRE I Euskara irakaslea
Euskara inposatu?
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, irrati-zapina egiten aritu nintzen Donostiatik Bilbora eta itzuliko auto-bidaian. Hedabide batean baino gehiagotan eman zituzten gaiari buruzko elkarrizketa eta iritzi artikuluen irakurketaldiak eta behin baino gehiagotan entzun nituen ondorengo ideia honen inguruko baieztapenak: hizkuntza ezin da inposaketaren bidez zabaldu
Hasteko, baieztapen hori ez da egia, ez du oinarri zientifikorik, asko izan baitira berezko hizkuntza izan eta inposizio bidez desagerrarazi eta ordezkatuak izan direnak. Horretan, maisuak izan dira espainiarrak, frantsesak, ingelesak... bestela, ulertezina da Amerika osoan, Afrikan, Asian hizkuntza hauek ofizialak, eta askotan bakarrak, izatea. Hizkuntza bat inposa daiteke eta inperioko hizkuntza arrakastaz ezar daiteke, batzuetan tokikoa desagerraraziz eta beste batzuetan ez. Hau, bistan da, horrela gertatu izan da, zientifikoa da.
Hasierako baieztapenarekin euskara ezin dela inposatu esan nahi baldin bada, ez nago ados: ahal da, baina ez da egiten. Espainiera eta frantsesa erabiltzea ez da inoiz debekatua ezta zigortua ere izan Euskal Herrian; euskara, ordea, bai, anitzetan gainera. Estatu espainiar eta frantsesek inposa lezakete euskara, katalanera... baina ez dute egiten, gaztelania-frantsesa derrigortzen digute, besteak desagerraraztea lortu ez badute ere.
«Hizkuntza ezin da inposaketaren bidez zabaldu» esaten denean, hori gaur egun ezinezkoa dela eta bide egokiena ez dela esan nahi baldin bada, ados! Batetik, ezinezkoa delako euskal (Gasteizko eta Nafarroako gobernuak, Ipar Euskal Herria dagoen departamentua...) instituzioek ezer derrigortzea gainean dituzten estatu aparatuen baimenik gabe; eta bestetik, ahal izan denean ere, egin ez dugulako. Euskara ez da inon, inoiz inposatu. Guztiz osasungarria eta demokratikoa litzateke frantsesa eta gaztelania bere hizkuntzatzat duten estatuek ere beraiena soilik inposatzeari uko egitea.