GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Maite FERNANDEZ I Agurain

Torturaz Arartekoari:

Ez dakit zehazki zertaz hitz egin zenuen TAT eta atxilotuen senideekin bilduta egon zinen denboran; ez naiz, beraz, bilkuraren eta ondorengo deklarazioen balorazioan sartuko. Dakidana da zuek bilkura hori burutzen ari zineten bitartean, gazte bat bere kabuz aurkeztu zela Entzutegi Nazionalean, eta Guardia Zibilak atean bertan atxilotu eta inkomunikatu zuela. Hurrengo egunean torturak salatu zituen gazteak epailearen aurrean.

Hau da, Iñigo, torturaren errealitatea gure herrian. Hemen erakundeetatik emakumeenganako indarkeriaren aurkako hamaika adierazpen entzuten diren honetan, atxilotuak izan diren neska gazteak sexualki jazarriak izan dira polizien aldetik.

Isilduriko infernua da tortura, helburu politikoekin erabilia, arduradun politiko argiak dituena, sistematikoa, eta inkomunikazio egoerak ahalbidetua. Ez dira salbuespenak tortura kasuak, ez dira bi edo hiru poliziaren gehiegikeriak. Tortura erabaki politikoa da. Pertsona azkartzat zaitut, eta pentsatzen dut jakitun zarela honetaz guztiaz.

Nik ez dut esango torturaren aurrean ez duzunik ezer egin. Beroiz kasua horren adibide, ados. Baina zerbait egin izana ez da nahikoa edo asko egin izanaren parekidea. Zerbait egin duzu torturaren gaiarekin Ararteko zaren urteotan, baina nire iritzia da ez dela nahikoa izan. Nire iritzia da gure herrian ematen diren bortxakeria kasuen aurrean desoreka izugarria erakusten duela Ararteko bezala burutzen duzun jarduerak. Eta nire iritzia da azken urteotan torturaren aurkako benetako jarrera aktibo, argi eta eraginkorra erakutsi izan bazenu, ez zinatekeela gaur Ararteko izango. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan torturaren arduradun nagusiak diren horiek beraiek mantendu zaituzte Ararteko postuan.

Tortura bezalako errealitate anker batekin amaitzeak bestelako jarrerak eskatzen ditu, ausartak eta argiak. Ondorioak ondorio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo