Embalajes Urbizuk ingurumen-inpaktua ikertu behar duela ebatzi du epaitegi batek
GARA |
Zurgintza lanak burutzen dituen Embalajes Urbizu enpresak instalazio berriak inauguratu zituen 2006. urteko irailean Tolosaldeko Altzo herrian. Instalazio berriak eraikitzeko prozesuan, ordea, herriko bizilagun batek salaketa aurkeztu zuen Donostiako epaitegi batean «hainbat irregulartasun» zirela medio. Bizilagun horrek gogoratu duenez, instalazio berriak eraiki zirenean EAJ alderdia zen Altzoko udal taldeko burua.
Salaketa jarri zuen bizilagunak GARAri azaldu dionez, salaketa aintzat hartu zuen Donostiako epaitegiak epaia kaleratu du orain. Besteak beste, enpresaren instalazio berriak egiterakoan ez zela behar bezalako ingurumen-inpaktu azterketarik egin nabarmendu du epaitegiak.
Era berean, instalazio berriak non kokatu erabakitzeko alternatiba ikerketarik ere ez zela egin azpimarratu du epaitegiak.
«Sententziak jasotzen duenez, atzera egin beharko du orain udalak eta egin ez ziren prozedurak bete beharko ditu», tartean ingurumen-inpaktu ikerketa, azaldu du, alde horretatik, Altzoko bizilagunak.
Auzi honen inguruan, udal talde berriak egin beharreko prozedurak enpresako jabeak egin behar dituela adierazi du. Bi hilabeteko epea eman zioten jabeari lan hori egin zezan, baina aste honetan bertan beste hilabetez luzatu diote epea.
Hala eta guztiz ere, Embalajes Urbizuko jabeak Donostiako epaitegiko sententzia errekurritzea erabaki du, epaia ez baita behin betikoa.
Salatzailearen arabera, enpresaren instalazioen kokalekua «ingurumen gune sentikor» bezala izendatuta du Lakuako Gobernuak. Ez hori bakarrik, bertan burutu zituzten lanak behar ziren ikerketak osatu gabe egin zituztela salatu du.